Lazkaoko Kirol Saria 17 kirolarik eta taldek jasoko dute gaur Arerian
Bost mailatan emango ditu udalak aitortzak, lehen aldiz.
Lazkaoko Kirol Sariak emateko lehenbiziko ekitaldia gaur egingo dute, udalak antolatuta. Areria antzokian, 19:00etan hasiko da sari ematea, eta 2023-2024 denboraldian nabarmendu ziren Lazkaoko kirolariak, taldeak eta herriko kirolaren alde urtetan lan egin duten 17 kirolari eta erakunde goretsiko dituzte: 15 lagun indibidualki, eta bi talde.
Lazkaon kirola garatzen eta sustatzen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak omentzea dute helburu Kirol Sariek, Kirol Batzordeak aurreneko aldiz eratua. «Ospakizun honen helburu nagusia udalerriko kirol komunitatean arrastoa utzi dutenen ahalegin, dedikazio eta lorpen indibidual zein kolektiboak aitortzea eta nabarmentzea da. Gainera, herrian kirol jarduera sustatzeko etengabeko babesa eta konpromiso aparta erakutsi dutenak sarituko dira», aurreratu dute. Izenik aurrez ez dute eman, baina bi eremutako ordezkariak daude. Batetik, iaz txapelketaren bat irabazi, tituluren bat lortu edo lehiaketetan aurreko postuetan sailkatu ziren kirolariak daude, bai bakarka, bai taldeka. Bestetik, kirol ibilbide osoa omendu eta aitortuko zaie hiru herritarri eta elkarte bati.
Bost mailatan
Lazkaoko Kirol Sarietan bost maila bereizi dituzte: lorpenak erdietsi dituzten banakako sariak (13 kirolarik jasoko dute), taldekako lorpenen saria (talde bat), kirol ibilbidearen saria (lagun bat), Lazkaoko kirolaren alde modu aktiboan laguntzen dutenen eremuan, erakundeen saria eta pertsonen saria.
Areriako ekitaldia irekia da herritar guztientzat. Oihana Sarasola kazetariak aurkeztuko du. Banakako saritzat plakatxo bat jasoko dute sarituek, norbere izenarekin. Taldeen kasuan, plaka bat taldeari eta diploma bana kirolari bakoitzari.