Arrotzetik arrozera, mundu bat Ordiziaratzen
Munduko Arrozen Egunean hamar naziotasunetako ordezkariek 550 lagunentzat bazkaria prestatu dute, Ordizian, Kulturen Arteko VIII. Topaketak bukatzeko. Sendotasun handiko elkar-hurbiltze ariketa bihurtu da arroza aitzakia hartuta sukaldatu duten integrazio ariketa.
Ordizian ospatzen ari diren Kulturen Arteko VIII. Topaketaren barruan, Munduko Arrozen Eguna egin dute gaur. Otordu bat prestatzen eta ondoren mahaiaren bueltan, jatorri desberdinetako eta askotako herritarrak elkarrekin esertzea zuen helburua, eta galanki bete du: 550 lagun izan dira.
Arroza hartu dute denen arteko osagai komun, inor arrotza izan ez dadin. Hamar naziotasunetako ordiziarrak aritu dira sukaldean arrozak prestatzen: Nigeriakoak, Nikaraguakoak, Ekuatore Gineakoak, Saharakoak, Aljeriakoak, Perukoak, Kolonbiakoak, Ekuadorrekoak, Japoniakoak eta Euskal Herrikoak.
Iluntze-gauean, kontzertuak izango dira, taloak salduko dituzte, eta taberna-barra ere jarriko dute. Ateratako diru etekinak Palestinara bidaliko dituzte.
Ordizia “harrera herria” dela eta, Ordizia Kolore egitasmoaren ildoan, Kulturen Arteko VIII. Topaketa azaroaren 4an hasi zen, eta gaur jarri diote ginga. Orain arteko garapena baieztatu du gaurko Munduko Arrozen Egunak, gero eta indar handiagoz eta lotura estuagoz ospatzen baitute.