Gorka Izagirreri omenaldi beroa eta sentitua egin diote Ormaiztegiko herritarrek
Txirrindularitza utzi duenetik lehen aitortza jaso du ormaiztegiarrak. Zubipe kiroldegian 400 lagun elkartu dira, bazkaritarako. Opari ugari eman dizkiote lagunek, zaleek eta udalek.
Gorka Izagirreri herritarrek dioten miresmena Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian islatu da, gaur. Herri omenaldi goxoa egin diote, lagunek, kuadrillakoek, herritarrek eta udalek antolatuta. Kirol lorpenez harago, pertsona gisa ere oso estimatua dutela erakutsi diote denek.
Eguerdian, Ormaiztegiko eta Ziordiko lagunek –Nafarroako herri horretan bizi da– Aurreskua dantzatuz hasi da omenaldia. Zubipeko kantxan, lau mahai luzetan otordua egin dute ondoren. 400 lagun elkartu dira, eta gehiago izango ziratekeen txartel gehiago atera balituzte: leku guztiak aspaldi agortu ziren.
Bazkalondoan iritsi da omenaldien eta esker on erakutsien garaia. Heliodoro Etxeberria bildumazale ormaiztegiarrak eman dio lehenengo oparia: bere argazkien eta albisteen bilduma potolo bat. Etxeberriak Lizarrako jatorria duenez, hango lepoko zapi gorria ere oparitu dio. DJ Oixanik girotu du pilotalekua.
Ziordiko eta Ormaiztegiko udaletako ordezkariak ekitaldian ziren. Lehenbizi, Ziordiko alkate Olatz Irizarrek eguzkilore bat duen koadroa eman dio Gorka Izagirre herrikideari. Ondoren, Ormaiztegiko Udalaren izenean, Dunixi Murua zinegotziak txirrindulari ormaiztegiarren omenez eliza aurrean dagoen eskulturaren erreplika oparitu dio.
Lagunek ere sorpresa batzuk bazituzten. Kuadrillakoek, arte landare bat oparitu diote, eta txapela. Berak jantzita zeukan eta normalean ere erabili ohi duen txapela une batez kendu, eta txapeldunen txapela, egunaren inskripzioduna, jantzi diote buruan. Ion anaia eta familiakoak ere bertan ziren; Gorkaren emazteari ere lore sorta bat eman diote.
Hogei-bat minutuko bideoarekin errepasatu, gogoratu eta txalotu diote Izagirreri bizikleta gaineko denbora. Profesionaletan 16 urte egin ditu, baina askoz lehenago igo zen txirrindura. Txikitako argazkiekin hasi, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz elkarteko lehen entrenatzaileen eskaintza-hitzekin segi, eta kirol ibilbideko une gogoangarrienen laburpena eta bilduma eskaini dute iruditan, nola argazkitan, hala bideoetan –taldekide izan dituen ziklista batzuen hitzak, tartean–. Txaloak eta oihuak behin baino gehiagotan erne dira, Italiako Giroko etapa garaipeneko azken kilometroaren bideoa jarri dutenean, edo seme zaharrenak pantailatik bertso batzuk bota dizkionean.
Hasitako leku berberean eta betiko jende berarekin borobildu du Gorka Izagirrek txirrindularitzako bizi-etapa.