Jose Luis Lopez Zubiria 'Pepelu'-k urrezko Lux saria irabazi du
Donostian bizi den argazkilari legazpiarra izadi hilaren kategorian izan da saritua, 'Kaiena, baratxuria eta tipula' obrarekin. Aurretik ere irabazia da Lux sari gehiago.

Jose Luis Lopez de Zubiria ‘Pepelu’-k (Legazpi, 1957) urrezko saria irabazi du 2024ko Argazkilaritza Profesionaleko Lux Sarietan. Donostian bizi eta lan egiten duen legazpiarra izadi hilaren kategorian izan da saritua, Kaiena, baratxuria eta tipula obrarekin
Argazkilariaren hitzetan, “hiru argazkiz osatutako serie honek omenaldi bat egin nahi die protagonista ez diren, baina beti hor dauden osagaiei. Izan ere, osagai sinple horiek dira saltsei nortasuna eta bizipoza ematen dietenak. Saritutako obran irudikatu ditut, hirurak, erlaitzean; pazientziaz; distira noiz egingo zain. Ariketa estetiko xumea izan da eta argazkian agertzen den kolore bakarra osagai txiki horiek emandakoa da”.
Lopez de Zubiriak ospe handiko sukaldarientzat egin du lan, besteak beste Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategii, Pedro Subijana, Eneko Atxa, Arzak, Heston Blumenthal, Mauro Colagreco, Fabio Barbaglini, Albert Adria, Enrique Fleischmann eta Iñigo Lavadorentzat-
Espainiako Argazkilari Profesionalen Elkarteak (AFPE) ematean duen Lux Urrezko Sariak argazkilaritza profesionalaren bikaintasuna, sormena eta trebetasuna nabarmendu ditu. “Niretzat, Lux Saria eskuratzea amets bat errealitate bilakatzea da·”, aitortzen du legazpiarrak. “Poz eta emozio handia sentitzen dut. Sari honek, ametsak errealitate bilakatu daitezkeenaren erakusle da, eta horiek lortzeko bidean lanean jarraitzeko ilusioa bizirik mantentzen laguntzen dute. Nik, pertsonalki, kreatibitatea zorroztasunarekin lotzen dut eta zorroztasunak gure mugak esploratzeraino eramaten gaitu”.
“Norberak gustuko duen horretara iristeko asko iragazi behar da prozesu guztian zehar… bide horretan ezintasunak eta autoestimu-krisiak sortzen dira, baina zorroztasuna da harago eramango zaituen tresna bakarra. Prozesuan zehar gauza asko bizi eta sufriarazten dira. Sari bat jasotzea autoestimurako baltsamikoa da eta, noski, oso ondo dator. Hurrengo egunean motibazioz gainezko gauza bera egiten jarraitzeko pizgarria da”, gaineratu du.
Lux sari gehiago
Espainiako Argazkilari Profesionalen Elkarteak 1993an sortu zituen Lux Sariak eta, gaur egun, Espainiako argazkilaritza profesionaleko erreferente bilakatu dira. Sari horien helburua argazkilaritzaren arteari ikusgarritasuna, aintzatespena eta prestigioa ematea da eta, aldi berean, argazkilari profesionalen ilusioa bizirik mantentzea.
Lopez de Zubiriak irabaziak ditu Lux sari gehiago, bi urrezko 2011n eta 2012an, eta zilarrezko beste bat 2022an, hiru kasuetan izadi hilaren kategorian.