Beasaingo paperak bildumaren ale berria aurkeztuko dute Igartzan
Tomas Salazarren eta Aizkorri elkartearen lana jasotzen ditu Beasaingo paperak bildumaren 32. aleak. Lemniskataren ekimenez, Martin Garciak eta Javier Elorzak ondu dute.
Beasaingo paperak bildumaren 32. zenbakiaren aurkezpena egingo dute asteazken arratsaldean, Igartza jauregian, 19:00etan. Beasaingo historia gordetzen duen bilduma honetako ale berriena, Lemniskata elkartearen eskutik garatu da eta Martin Garcia eta Javier Elorza izan dira egileak. Proiektu honek Tomas Salazar (1938, Iruña-2020, Beasain) mendizale eta artista sutsuaren bizitza eta lanak omentzen ditu, Tomas Salazar eta Aizkorri Mendizale Elkarteak egindako lana izenburupean.
Garciak eta Elorzak lan handia egin dute Salazarrek bildutako eta sortutako materiala ahanzturan eror ez dadin. Urteetako ibilbideak eskuz marrazten zituen, eta bisitatzen zituen lekuetako toponimiak dokumentatzen zituen. Material hori guztia jaso eta txukundu egin dute egileek.
Era berean, Aizkorri Mendizale Elkartearen historia osatu dute, Salazarren lanari oso lotuta zegoena. Aurrez, Beasaingo Paperak bildumako 26. liburuan hain zuzen ere, Aizkorri Mendizale Elkartearen 50 urteak jasotzen ziren, 1920tik 1970ra. Bigarren ale honetan, 1920tik 2020ra artekoa jasotzen dute. Liburua eskuragarri egongo da aurkezpenean, baita Mirentxu liburu-dendan eta Jon Aranburu dendan.