Ataungo hiru pilotari profesionalek partida berean jokatuko dute etzi
Zubizarreta Iztueta lagun atzean duela ariko da, eta Senar eta Albisu bikotea osatuta. Auzoeta pilotalekuan, ostiralean 19:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak salgai dira. Ataungo klubeko jubenilek jokatuko dute aurreneko partida. Senarrek Ataunen lehen partida du.
Pilota partida «historikoa» antolatu du Ataun Kirol Elkarteak, ostiralerako. Ataungo hiru pilotari profesionalek –Jon Ander Albisuk, Iraitz Zubizarretak eta Beñat Senarrek– lehenbiziko aldiz partida berean batera jokatuko dute. Herri txiki batek horrenbeste pilotari ematea jada lorpen ezohikoa bada, are ikusgarriagoa izango da hirurak kantxan aldi berean aritzea.
Aukera baliatu, eta etzi 19:00etan Auzoeta pilotalekuan jarri dute jaialdia. «Lehenengo aldia da, historikoa. Horregatik egin genuen jaialdia, egin ere. Alde batetik herritarrak direlako, eta gertaera historikoa delako, bestetik», azaldu du pilota elkarteko Iñigo Alzuak.
Senarrek eta Albisuk bikotea osatuko dute. Beñat Senarrek, profesional modura, aurreneko aldiz jokatuko du Ataunen, gainera. «Herriko bataioa izango du, nolabait». Duela urtebete, iazko azaroaren 26an Seguran egin zuen debuta –Zubizarreta aurkari izan zuen–, eta orain arte ezin izan dute herrira ekarri.
Iraitz Zubizarreta Martxel Iztueta tolosar atzelariarekin ariko da. Aiarrak Auzoetan bertan jokatu zuen debuteko partida, 2020ko irailaren 26an, Albisu lagun zuela, Bengoetxea-Arangurenen kontra. «Oso ondo irabazi zuten, partida bikaina atera zen». Geroztik ere bat egin izan dute.
Sarrera salmenta
Sarrerak Ataungo Troskaeta, Errotaundi, Urbieta eta Sutegi tabernetan ari dira saltzen. Aurrez erosita, 5 euro merkeago da: 15 euro (leihatilan, 20). Haurrena (12 urte arte) 10 euro da. Oraindik badaude txartel batzuk, baina bizi doa salmenta. «Jaialdiak harrera ona izan du jendearen artean, eta joan nahi duena, mugi dadila».
Jaialdia etzi 19:00etan hasiko da (nahiz sarrera-txatelean ordu erdi geroago jartzen duen). Jubenilen partida bat jokatuko dute lehenbizi, elkarteko laurak: Mikel Alzua ataundarra eta Aetz Lopez zaldibiarra batetik, Oier Izagirre eta Sergio Nanclares bestetik.
«Momentuz, aurtengo jaialdia hau bakarrik izango dugu. Urtean bat gutxienez antolatu ohi dugu, eta denboraldia nola doan ikusita, besteren bat ere izan ohi da batzuetan». Aurtengo profesional partida bakarra, eta historikoa, izango da etzikoa, beraz.