Gaintzan grabatutako irudiek basurde uxaldien auzia ekarri dute berriz mahai gainera
Joan den astean Amezketako baserritar batek hamasei basurdeko talde baten bideoa grabatu zuen Gaintzako artasoro batean.
Joan den astekoak dira irudiak, Eneko Karrera Amezketako baserritarrak grabatuak. Gaintzako artasoro batean uzta biltzen bukatuak ziren, eta bat-batean hamasei basurde eta basurdekumeren taldea azaldu zitzaion, eta sakelakoarekin grabatu zuen.
Karrera berak Euskal Telebistari adierazitakoaren arabera, ez da ohikoa horrenbesteko basurde taldea elkarrekin ikustea, eta are eta gutxiago herritik horren gertu dagoen soro batean. Sailean hainbat kalte eragin zituzten.
Bideo horrek berriz ere ekarri du mahai gainera basurde uxaldien auzia. Bi hilabete badira basurdezale kuadrillak ez direla ehizara atera Gipuzkoan, Foru Aldundiarekin dituzten desadostasunak direla medio. Iazko abenduan 75 urteko emakumezko bat hil zen Deban uxaldi bateko tiro baten ondorioz, eta horren aurrean Diputazioak uxaldiak egiteko neurri zorrotzagoak ezarri zituen. Ehiztariek diote neurri horiek ezin dituztela bete, eta horrenbestez “greba” egiteko erabakia hartua dute.
Enba nekazal sindikatuak uxaldiekin berriz hasteko eskatu die ehiztariei, basurdeak Gipuzkoak nabarmen ugaritzen ari direla iritzita.