Goierritarrak Herri Libre Bat egunean
Bideo maratoian Segurak, Zerainek, Zegamak, Idiazabalek, Zaldibiak, Ataunek, Legorretak, Legazpik, Itsasondok eta Ordiziak hartuko dute parte, eta Segurako Historia Oroituz elkartekoek Iruñean antzeztuko dute.
Larunbatean, azaroaren 16an, Herri Libre Bat eguna ospatuko du Gure Eskuk Bagara lelopean. Bi atal izango ditu egunak. Batetik, Gure Eskuren Youtubeko kanalean eta Hamaika telebistan 12 orduko bideo maratoia ikusteko aukera izango da. «Gure Herriaren nondik norakoak, berezitasunak eta handi egiten gaituzten txikitasunak ikusarazi nahi ditugu. Euskal Herriko herri guztiak bideo kate baten bidez elkartzea helburu duen dinamika izango da», diote.
Goierriko hainbat herritako irudiak ikusi ahal izango dira: Bideo maratoian Segurak, Zerainek, Zegamak, Idiazabalek, Zaldibiak, Ataunek, Legorretak, Legazpik, Itsasondok eta Ordiziak.
Itsasondon, esate baterako, herriaren izena nondik datorren azalduko dute, eta bide batez, «Itsasondon organikoaren kudeaketa osoa egiten dugunez… baserri eta herrian organikoak egiten duen ibilbidea erakutsiko dugu». Ordiziarrek ere, herriko ondarea ezagutzera emateko erabiliko dute bideoa, Ordiziarrak gera martxak lagunduta.
Segurarren antzerkia
Herrietako bideoez gain, Herri Libre Bat egunak beste hainbat hitzordu antolatu ditu, zuzeneko kultur emanaldiekin bateratuz. Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian kultur ekitaldi bana izango da. Iruñean, Escuela Navarra de Teatro aretoan, 18:00etan, Segurako Historia Oroituz elkarteak Orreagatik Iragan Hurbilera herri antzerkia eskainiko du. 12 euro balio sarrerak.