Iparraren eta Irizarren omenezko ekintza zikloa antolatu du aurten ere Kimu elkarteak
Bihar emango diote hasiera Jon Plazaolaren bakarrizketarekin. Hitzaldiak, ekitaldi politikoak, mus txapelketak eta Atxurbiko irteerak osatuko dute zikloa.
Iñaki Iparragirre Iparra eta Eduardo Irizar omentzeko ekintza sorta antolatu du Kimu kultur elkarteak Idiazabalen, aurten ere. Jon Plazaolaren Tu-tum Platz! bakarrizketa saioak irekiko du zikloa bihar eta ostiralean, Olatu erreakzionario berria! Gakoak! izenburupean hitzaldia egingo du Andoni Olariagak udaletxeko areto nagusian.
Larunbatean ekitaldi politikoa izango da 13:00etan Zigorreko eremuan, bi bizilagunen omenez jarrita dauden oroitarrien alboan. Txalapartariek eta bertsolariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Mus txapelketari hasiera emango diote arratsaldean,15:30ean —15:00etan zabalduko da izen ematea— frontoiko tabernan. Igandean, itxiko dute zikloa, Atxurbira egin ohi duten ibilaldiarekin (9:00) eta ondorengo bazkariarekin.