Lekaleek denboraldi berria hasi dute ferian
Mañuecoren eta Atienzaren postuetara indaba, dilista eta txitxirio berriak iritsi dira. Fruta saltzaileak, berriz, ilarraren kanpainarekin hasi dira.
Hotzak lagundutakoa eta ia berritasunik gabekoa izan da gaurko azoka Ordizian, Uzta proiektu pilotuaren aurkezpena nabarmendu behar bada ere. Hotza 5 gradu inguruko tenperaturak jarri du 09:00etan, eta berritasunak lekaleek eta loreek. Uzta proiektua, berriz, horren bultzatzaile diren enpresak eta erakundeak, azoka bertako dinamizatzaileak eta ekoizle batek aurkeztu dute, haurrei zuzendutako sentsibilizazio antzezlan batez lagunduta. Digitalizazioa tarteko, azokako saltzaileei, horren dinamizazioaz arduratzen den D’Elikatuz zentroari eta erosleei tresna bat eskainiko die Uztak, nolabaiteko erakusleihoa izango dena, eta erosketak on line egiteko aukera emango duena.
Horixe izan da gaurko feriako berritasunik handiena, baina lekaleak ere aipatu behar dira, udazkenean denboraldi berria hasten delako. Hala, indaba edo babarrun beltza ez da Ordiziako ferian erosi daitekeen lekale bakarra, Garagartza plazan dagoen Patxi Atienzak eta postua Zuhaiztin duen Jose Mari Mañuecok ere eskaintza zabala dutelako. Aurreko uztako produktua amaitzen doan eran, denboraldi berrikoa hasten da, eta bi saltzaileak hasi dira lekale berriak saltzen.
Mañuecok, esaterako, era askotako lekaleak ditu. Babarrun beltzak, gorriak, zuriak, pintoak eta kanela deiturikoak ditu, kiloa 3’95-5,95 euro artean: Extremadurako Carilla, Errioxako Caparron, Leongo Pilar… Verdina ere badu, kiloa 13,95 euroan, baita Goierriko beltza ere, 13,95 euroan. Eta iristear ditu Gernika (13,95 €) eta Arabako pintoa (8,95€). Bi garbantzu edo txitxirio mota ere eskaintzen ditu: handia, Zamorakoa (3,95 €) eta txikia edo Pedrosillano (3,95 €). Dilistak ere, ugari ditu: beltza edo Caviar, Coral, azalik gabea, Pardina, Gaztelakoa, Eston edo Verdina (2,95-4,94 euro artean kiloa). Eta asko saltzen du ilarra, baba eta dilista zati lehorrekin egindako purea egiteko nahasketa (4,95 euro), eta ilar lehor zatiak, horiek ere purea egiteko (3,95 euro).
Bai Mañuecok bai Atienzak beste produktu batzuekin osatzen dute eskaintza, besteak beste, hestebeteekin, gaztekin eta arrautzekin.
Gazta kontuei dagokienez, Nico Delsert gazta saltzailea aipatu behar da, Aldaba Zahar elkartearen barruan ahuntz esnearekin egindako gazta ekoizteari utzi diolako, baita Ordiziako salmenta postua ere, laster. Beste proiektu bati helduko dio laster, beste toki batean, eta Aldaba Zahar agurtzearekin batera, Ordiziaz ere agurtuko da hurrengo astean, edo hurrengoan.
Lore berri gehiago
Lekale berriez gain, ez da ia berritasunik izan, baina loreen atalera ere iritsi dira berri batzuk. Maria Dolores Mendizabalek Santa Teresaren luma izenekoa (14 euro), eta apaintzeko azak (4 euro) aurkeztu ditu, esateko, eta laster Gabonei begira jarri eta Pazko Lorea edo Poinsetia saltzen hasiko dela aurreratu du.
Perretxikoen atala, berriz, aurreko asteetan baino urriagoa izan da. Lasak eta Barcinak honako eskaintza osatu dute: 170 kilo onddo (16-34 €), 40 kilo niskalo (10-22 €) eta hamar kilo saltsa perretxiko beltz (22 euroan). Arantxa Lopetegik ere eskaini ditu niskaloak, inguruko mendietan bildutakoan, Bi kilo inguru zituen, eta kiloa 18 euroan jarri du.
Ehiza garaia oraindik indarrean dagoela ere gogoratu du Lasak, eta 30 uso jarri ditu salgai, bakoitza 7 euroan.
Ilarrak hasi dira
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetara, azkenik, produktu berri bat iritsi da, ilarra, lekan. Almeriakoa da, eta kiloa 6,9 euroan izan dute salgai.
Laranja, mandarina eta bestelakoak ez direla igo ere entzun zaie saltzaileei, Valentzian gertatutako hondamendiaren ondoren hala espero bazuten ere.