«Heriotzaren aurrean prestatuta egotea hobea da denontzako»
Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak antolatuta, ‘Hil arte bizi’ hitzaldia egingo du bihar Nere Erkiagak, Barrena jauregian.
Heriotzaren aurrean prestatuta egotea aholkatzen du Nere Erkiagak. «Ez dugu pentsatu nahi, baina prestatuta egotea hobea da denontzako, bai norberarentzat eta ingurukoentzat». Aholkuak emango ditu bihar Ordiziako Barrenan, 18:00etan, «heriotza modu sanoago baten bizi dezakegula sinesten» baitu.
Zein da hitzaldiaren helburua?
Heriotzaren inguruan ditugun eskubideak eta erabakimenari buruz hitz egingo dugu.
Adibidez, zein eskubide?
Ondasun materialari begira, adibidez. Testamentua eskubide bat da, hilda gero ondasunak nola banatu erabakitzeko eskubidea daukagu. 2015ean legea aldatu zen eta jende askok ez daki lege horrek zer esaten duen. Eta ez baduzu ezagutzen legea, ezin duzu zure eskubidea ondo erabili, eta erabaki dezakezun guztia erabaki.
Osasungintzari begira eskubide asko daude, Pazientearen Autonomia Legea sortu zen aspaldi, orain dela 22 urte, eta horrek ematen du eskubidea erabakiak hartzeko. Jakin behar da erabakimen hori nora artekoa den. Zaintza aringarrien eskubidea, eutanasiaren eskubidea, aurretiazko borondateen dokumentua egiteko eskubidea… Eskubide asko daude, eta uste baino aukera gehiago ematen dizkigu.
«Edozein gaitan, zenbat eta gehiago jakinda, hobeto moldatuko gara»
Aurretiazko borondateen dokumentua, adibidez. Zer da?
Pazientearen autonomiaren legeak sortu zuen eskubide hori, 2002koa da. Konorterik edo erabakimen ahalmenik gaudenerako balio du. Egoera latz horietan gaudenean eta erabakirik ezin dugunean hartu, dokumentu horretan gutxi gorabehera perfilatzen dugu mugak jartzea. Muga jartzeak ez du esanahi eutanasia eskatzen ari zarenik. Esaten ari zarena da, muga horretatik aurrera ez egiteko ezer ere bizitza luzatzeko. Mina kentzeko bai, baina bizitza luzatzeko ez. Dokumentu horretan eutanasia ere eskatu ahal duzu nahi izanez gero… Konorterik gabe gaudenean irekiko duten dokumentua da. Baina beste egoera asko emango dira, eta gehienok segurasko hilko gara kontziente gaudela. Guk erabaki ahal izango dugu hori ere nola izango den. Zaintza aringarriak zer diren, sedazio aringarria zer den, eutanasia zer den, nola eskatzen den… azalduko dut.
Prestatuta egotea hobe, beraz?
Bai. Edozein gaitan, zenbat eta gehiago jakinda, hobeto moldatuko gara. Hobeto erreakzionatu ahal dezakezu, erabaki batzuk har daitezke zureak direnak… Berez jakintzak laguntzen du, hobeto bizi izaten. Ez dugu pentsatu nahi heriotzaz, baina prestatuta egotea hobea da denontzako, bai norberarentzat eta ingurukoentzat.
Ez da doluan daudenentzako hitzaldi egokia.
Ez, doluan gaudenean beste prozesu batean gaude, beste jakintza batzuk jaso behar ditugu. Beste prozesu batzuk daude.