Alaine Albisuk irabazi du Goiekiren enpresa berrien saria
Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena Caldereria Aitzgorrik irabazi du eta ekintzailetzaren bidez gizarte inklusioa lantzen duen proiektu onenarena, CVS Instalazio Elektrikoak enpresak.
Ekintzailetzaren «festa» ospatu dute gaur goizean Goiekin, urteko enpresa berri eta berrikuntza proiektuak sarituta. Goiekiko presidentea den Adur Ezenarrok gogoratu duenez, Goiekin aholkularitza eman zaien herritarren %55a emakumezkoak dira, %34 langabetuak, %6 ikasleak eta gainerakoak beste lan batean ari direnak. «33 negozioren bideragarritasun plana egin da. Horietatik 28 enpresa berri jarri dira martxan eta 45 lanpostu sortu dira». Bestalde, Maialen Sanchez Goiekiko Ekintzailetza arduradunaren esanetan, «27 urte bete du eskualdean ekintzailetza sustatzeko Goiekiren lehiaketak. Sari banaketa ginda da, urte guztiko lanaren emaitza da. Ekintzailetzaren festa edo ospakizuna da. Ekintzailetzak dituen baloreak ospatzeko gaude».
Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik, abenduaren 2an 50 urte beteko dituen Hine enpresaren historia, bilakaera eta erronken berri eman dute Mikel Arrizabalagak eta Manu Egañak.
Enpresa ekimen berria
Enpresa ekimen berriko proiektuen sariketara sei proiektu aurkeztu dira. 20 urteko Alaine Albisu lazkaotar moda diseinatzailea izan da saritua. Bilduma esklusiboak sortzen ditu material ekologikoak eta teknika berritzaileak erabiliz, diseinu digitala eta artisautza tradizionala uztartuz. Lazkaotarraren esanetan, «moda txikitatik gustatu izan zait. Gaur egungo arazo handienetako bat moda industrian kutsadura da. Aldaketa klimatikoak asko kezkatzen nau. Nire proiektua arlo horretatik sortu zen».
Berrikuntza
Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenarena, 35 urte dituen Caldereria Aitzgorri enpresa familiarra izan da. «Jarraikortasun prozesu bat eman zen, seme-alabek hartu zuten ardura. Ordutik, eraldaketa prozesu handi batean sartu zen enpresa. Gauzak beste era batera egiteko gogoarekin. Datuak biltzen hasi ziren, ondo ari ziren edo ez, edo etorkizuneko erabakiak hartzeko. Soldadurarako robot espezializatu batean inbertsio handi bat egitea erabaki zuten. Posizionamendu hobea, merkatuan dibertsifikatzea, nazioartera zabaltzea ekarri du», argitu du Sanchezek.
Aitzgorrikoek zehaztu dutenez, «horrekin guztiarekin, optimizazioaz gain, kalitatea asko hobetu da, baina batez ere gure balio proposamenak izugarri irabazi du. Honek ekarri digu beti nahi izan dugun dibertsifikazioa eta nazioartekotzea lortzea. Ezinbestekoak dira Aitzgorri bizirik mantentzeko. Sektore berrietan sartu gara, energian esate baterako. Euskal Herritik kanpo ere bai. Suitzan hasi gara lan batzuk egiten».
Inklusioa
Goieki duela bost urte zen ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusioa bultzatzen zuten proiektuak saritzen. Aurten, lehiaketara aurkeztu diren bi proiekturen artean, CVS Instalazio Elektrikoa enpresa saritu dute. «Duela 20 urte iritsi nintzen. Pandemian langabezian gelditu zen, eta langabeziako diruarekin eta aurrezkiekin ikasten hastea erabaki zuen. Erramintak ere erosi nituen. Nire helburua da jendeari ohartaraztea duela 50 urte baino gehiagoko eraikin batek ze arrisku duen. Egoera oso txarrean daude».
Azkenik, Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailakoen proiektuen saria Hub 4.0 taldearentzat izan da.