Booktrailer bideo lehiaketa antolatu dute Lazkaon, A-25en atarian
Emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko eta genero berdintasunean sentsibilizatzeko helburua du lehiaketak.
Haurrei, gaztetxoei eta helduei zuzenduta, Booktrailer edo bideo laburren lehiaketa antolatu du Lazkaoko Udalak. Azaroaren 25aren harira, emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko eta genero berdintasunean sentsibilizatzeko helburua du.
Lazkaoko herritar guztiek parte har dezakete lehiaketan, baita San Benito ikastolako eta Maizpide euskaltegiko ikasleek ere, bai banaka, bai taldean. Booktrailerraren jeneroko ikus-entzunezkoak sortu behar dira, irudiak, testua, ahotsa eta musika sartuta.
Berdintasuna sustatzen duen liburu bat irakurri, eta hari buruzko laburpen edo interpretazio bideoa grabatu eta editatu behar da. Aukeratutako gaiak «feminismoa, tratu ona eta bizikidetza» dira.
Izena emateko eta aurkezteko epea azaroaren 27ra artekoa da. 12 urtez beheko eta gorako mailak bereizi dituzte. Erosketa-bonuak emango dituzte saritzat, abenduan.