Partaidetza handituko du Errezil Sagar Egunak igandean Gabirian
Errezil sagar eta menbrillu lehiaketak, Goierri Beheko ezti lehiaketa, eta baserriko produktuen azoka egingo dituzte. Berritasuna sagar barietate desberdinen erakusketa izango da.
Azken boladako parte-hartzaile kopuru handienarekin ospatuko da igandean Gabirian Errezil Sagar Eguna. Ohi bezala, errezil sagarra eta bertako baserrietako produktuak bultzatzea ditu feriak helburu, Erbie elkarteak eta udalak antolatuta.
Guztira, Gabiriako 23 baserrik edo etxek parte hartuko dute. Errezil sagar lehiaketan 16 ekoizlek aurkeztuko dituzte bina saskikada. Menbrillu edo sagar-goxo lehiaketarako 11 etxek eman dute izena, eta azokan 14 postu egongo dira: 10 jakienak eta lau herriko artisauenak.
Azoka igandean 10:00etan zabalduko dute. Orduan hasiko dira epaileak sagarrak baloratzen. Aurten, Goimen elkarteko Manex Aranburu teknikaria eta Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa ariko dira baloratzen, bai sagarrekin, bai menbrilluekin. Sagar-goxo lehiaketako dastaketa 12:00etan egingo dute, Erbie elkartean.
Errezil sagar lehiaketan sariketari eutsi diote. Hiru aurrenekoentzat izango dira sariak. Menbrillutan, ohi bezala, sari bat emango dute. Horiez gain, Goierri Beheko 26. Ezti Lehiaketa ere jokatuko da, Erlezain Elkarteak antolatuta, goizean bertara aurkezten dituzten bailarako eztiekin.
Berritasuna, erakusketa
Errezil Sagar Egunaren aurkezpena astelehen iluntzean egin zuten, Gabirian. Bertan izan ziren Erbieko lehendakari Xabier Arratibel, Gabiriako alkate Endika Igartzabal eta Aitor Elosegi sagar ekoizlea. Aurtengo azokan berritasun bat sartuko dutela iragarri zuten: sagar barietate desberdinen erakusketa. Azalpenak ere emango ditu Elosegik, 11:00etan.
Oñatibitxiki baserrian ekoizten eta saltzen dituzten sagar motak jarriko dituzte, 25 klase guztira. «Gabirian ekoizten ditugun barietateak dira guztiak. Duela 31 urte landatutako 13 barietate daude, baina baita azken urteotan sartu ditugun beste 10 berri ere», aurreratu du Aitor Elosegik. Jateko sagarrak dira denak, «finak, goxoak, modan daudenak». Errezila eta polinizaziorako erabiltzen duten errezil beltza izango dira beste bi motak.
Errezil sagarra egongo da, guztien artean, ohorezko lekuan. Uzta oparoa izan da, oro har, Gabiriako baserrietan aurten, iaztik bestelakoa. «Euri ugari egiteak kalterik ez dio egiten. Eguzkiarekin, 35 gradutik gora erredurak izan dira, baina kezkatzekorik ez», dio Elosegik. «Parte-hartzaile kopuru handia horren seinale», ziurtatu du Arratibelek.
Berandu heltzen den barietatea izan ohi da errezila, eta orain ari dira azkenak biltzen baserritarrak. Azkena iristen da azoketara, baina «gailurrean» segitzen duela esan du Elosegik. «Erabilera asko eta onak eman dakizkioke».
Egitaraua
Azaroak 17, igandea, Gabirian
- 10:00. Errezil sagar lehiaketaren irekiera. Azokaren hasiera.
- 10:30. Sagar-goxo lehiaketaren irekiera.
- 11:00. Sagar barietateen erakusketan azalpenak.
- 12:00. Lehiaketako menbrillu dastaketa, Erbie elkartean.
- 13:00. Sari banaketa.