Herrian erosteak saria du Idiazabalen
Herriko komertzio txikia sustatzeko erosketa bonu kanpaina antolatu du udalak lehenengoz. Azaroaren 20tik urtarrilaren 4ra luzatuko da; bonuak egun horretatik, salgai.
Herriko merkataritza eta zerbitzuen sektorea suspertzeko helburuarekin, Idiazabalgo Udalak erosketa bonuen kanpaina jarri du martxan lehenengoz. Guztira, 500 bonu jarriko dituzte salgai; bonu bakoitzak 20 euroko kostua izango du eta 40 euroko gastua egiteko aukera emango du. Udalak 10.000 euro bideratuko ditu kanpaina sustatzeko.
Jone Ormazabal Idiazabalgo Herri Garapeneko zinegotziak Gabonen testuinguruan kokatu du kanpaina, «herritarrek herrian erostera» animatzeko helburuarekin. Azaroaren 20an emango diote hasiera kanpainari eta urtarrilaren 4ra arte iraungo du. Bonuak egun horretan jarriko dituzte salgai. Azaroaren 20an eta 21ean 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 19:00etara erosi ahal izango dira udaletxean eta hortik azaroaren 27ra arte, soilik goizeko ordutegian. Herritar bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta bonu bakoitza 5 euroko zortzi frakziotan banatuta egongo da.
Momentuz, herriko 15 komertzio atxiki dira kanpainara, nahiz eta gaur arte dagoen izena emateko epea irekita. «Ostalaritza, merkataritza, dendak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten komertzio guztiak sartu nahi izan ditugu. Gustura gaude, ia gehienek parte hartuko dutelako. Lehendabizikoa izanda ez genekien zer erantzun izango zuen», azaldu du zinegotziak.
Jarraikortasuna kezka iturri
Komertzio txikien krisia leku guztietan da kezka iturri, baina Idiazabal bezalako herri txiki batean, eragina herri haziagoetan baino handiagoa da, «gurea bezalako herri batean bi denda isteak inpaktu handia dauka», dio. Jarraikortasuna da kezka iturri nagusia, «Idiazabalgo merkatari asko erretiroa hartzeko adinera gerturatzen ari dira, eta ikusten dugu trantsizio horretan oso zaila dela jende berria erakartzea», ondorioztatu du Ormazabalek.