Kristalezko sabaiak apurtzeko saskiratzeak
Beasaingo Arri BKL emakumezko beteranoen taldeak Ligako bigarren jardunaldia jokatuko du igandean Antzizar kiroldegian eta harmaila betetzea espero dute.
Dena ustekabean hasi zela kontatu dute. «Aspaldi saskibaloian jokatu genuen hainbat lagun elkartzen hasi ginen gure arteko partidak jokatzeko, kirola egiteko aitzakian», kokatu dute taldearen sorrera. «BKLko zuzendaritzako kide batek gure topaketen berri izan zuen eta talde bat osatzea proposatu zigun. Gure artean hitz egin, gertu genituen beste lagun batzuei guztiaren berri eman, berotzen hasi, eta ez genuen zalantzarik izan. Proposamenari baiezkoa esan genion», gehitu dute.
Hogei bat emakumezko elkartu dira, 35 urtetik gorakoak gehienak -35etik beherako hiru daude-, jatorri eta trebetasun maila ezberdinetakoak. Ezaugarri hauek dituen talde bakarra dira eskualdean. Horrek komunitate «inklusibo» bat sortzen du, «non kirola zubi bihurtzen den adiskidetasunerako eta elkarrekiko laguntzarako», nabarmendu eta bat etorri dira taldekide guztiak.
Astelehenero eta ostegunero Beasaingo Txindoki institutuko gimnasioan, eta astearteetan, Antzizar kiroldegiko kantxan entrenatzeko elkartzen dira. «Saskibaloi zaletasunak, ilusioak eta konpromisoak batzen» dituztela kontatu dute. Entrenamenduak, saskibaloiaz gehien dakitenen artean antolatzen hasi ziren, eta orain, Ruben Martin eta Roberto Arija dira entrenatzaileak.
Lehia eta ongizatea
Beteranoentzako ligak eta txapelketak ezinbestekoak dira bizitza osoan zehar saskibaloirako grina bizirik mantentzeko, kirol honek adin mugarik ez duela erakutsiz. Emakume beteranoen talde hau nabarmentzekoa da hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, plataforma bat eskaintzen du emakumeek kirola modu lehiakorrean egiten jarrai dezaten. Gainera, bizimodu osasungarria sustatzen du, ariketa erregularra eta jarduera fisikoa sustatzen ditu, funtsezkoak direnak ongizate fisiko eta mentalerako. Emakumeek jarduera fisikoaz gozatzen jarraitzeko, lotura esanguratsuak ezartzeko eta ingurune positibo eta pozgarri batean ahalduntzeko aukera bat da, beraz.
Gainera, erronkak erronka, emakume hauek erakusten ari dira posible dela kristalezko sabaiak apurtzea. Kirolaren eta amatasunaren arteko harreman horretan, urratsak ematen ari batira, zeren aipatzekoa da, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean oraindik irabazi beharreko espazioak daudela. Horregatik, emakume hauen meritua, bikoitza da.
Iganderako prest
Gipuzkoa mailako zortzi talderen arteko lehian daude BKLko emakumezkoak. Lehena irabazi ondoren, igandean jokatuko dute Ligako bigarren jardunaldia, Saski Axular Beteranak taldearen kontra. Etxean jokatuko dute, eta ostera ere, harmailak betetzea espero dute. «Babes handia jaso dugu orain arte, eta igandean ere, espero dugu jende mordoa gerturatzea gu animatzera!», deitu dituzte saskibaloi zaletu guztiak. Antzizar kiroldegian izango da, 18:00etan hasita.