Olentzero eta Mari Domingirekin taloak egiteko azken lekuak Anduetzan
Asteburu honetan bisitatuko dute Anduetza parketxea lehenengoz Olentzerok eta Mari Domingik. Leku gehienak hartuta daude, baina azken aukera dago asteburu honetan.
Olentzero eta Mari Domingirekin taloa egin eta dastatu! ekimenari hasiera emango diote asteburu honetan Zegamako Anduetza parketxean. Familia guztiari eskainitako ekimena da, Olentzero eta Mari Domingirekin hizketaldia egin eta ondoren, bakoitzak bere taloa egin eta dastatzeko aukera izango du. Olentzerok eta Mari Domingik gerturatzen diren guztiek eskutitzak ere jasoko dituzte.
Ekimena asteburu honetan hasi eta abenduaren 22ra arteko asteburu guztietan egingo bada ere, data gehienak beteta daude dagoeneko, baina azken lekuak geratzen dira asteburu honetarako, larunbata zein igandea. Saioak 10:00etan, 11:15ean eta 12:30ean izango dira. Parte hartzeko eman izena anduetza@gipuzkoanatura.eus-en edo 688 623609 zenbakian.