Hidrogenozko Irizar ie truck ‘World Smart City Awards’-en saritua izan da
Hiri inguruko Energia eta Ingurumen kategorian jaso du saria Irizarren ibilgailuak. Hirietan zerbitzua ematen duten ibilgailu astunetarako pentsatuta dago Irizarrek aurkeztutako berrikuntza.
Hidrogenozko Irizar ie truck autobusak Bartzelonan (Herrialde Katalanak) egin den Smart City Expo World Congress 2024-aren baitan World Smart City Awards saria jaso du Hiri inguruko Energia eta Ingurumen kategorian. Hirietan zerbitzua ematen duten ibilgailu astunetarako pentsatutako plataformadun txasisa da Irizarren aurkeztutako berrikuntza nagusia. Hidrogenozko pilekin eta litiozko ioiak dituen bateria batekin dabilen sistema hibrido bat da, kabina baxu aurreratu eta panoramikoduna duena eta hiri zerbitzuetako jarduera guztietan aplikatu daitekeena.
Iñigo Sanz FCC Ingurumeneko CEOak jaso du saria, “proiektua talde lanaren eta berrikuntzak duen garrantziaren” adibidea dela azpimarratu du. “Berrikuntza enpresa honen DNAn dago orain dela 110 urte baino gehiagotik, eta ezinbestekoa da hazkunde jasangarrian oinarritutako negozio garapenerako ibilbide orria den gure 2050eko Iraunkortasun Estrategiaren helburuak lortzeko”, gehitu du.
Elkarlanaren emaitza
H2TRUCK izen eman dioten proiektua FCC Ingurumenarekin elkarlanean garatu du Ormaiztegiko multinazionalak. Estatuko aitortza eta babesa izan du Automozio Jasangarriko Programa Teknologikoaren (PTAS) bidez, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) emandako diru laguntzen esparruan, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak lagunduta, Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.
Plataformaren lehen aplikazioa azken belaunaldiko alboko kargako karrozeria duen bilketa kamioi baterako garatu da. Ibilgailu prototipoa martxan dago eta lan probetan dago duela hilabete batzuetatik, emisio kutsagarririk gabeko hondakinen bilketa zerbitzua egiteko aukera ematen duen H2 pila batekin.
Josu Letonak, Irizar ie truck kamioiaren negozioaren arduradunak, “hidrogeno pilak lan intentsiboa duten egungo ibilgailu elektriko puruen eragozpen nagusia arinduko du, hau da, autonomiaren eta produktibitatearen arteko oreka. Izan ere, bizpahiru txandatan lan intentsiboa duten hirietan (Bartzelonan, adibidez), autonomia eta elektriko puruen kargatzeko denborak muga dira. Hala ere, eragozpen hori hidrogenozko piladun teknologia plataformarekin konponduta geratzen da, karga erabilgarriaren, autonomiaren, ibilgailuaren maniobragarritasunaren eta karga-denboren arteko oreka oso ona baita. Laburbilduz, udal ekipo astunen eraginkortasuna nabarmen hobetzea lortzen da”, azpimarratu du.
Ibilgailua azaroaren 6an aurkeztu zen mundu osorako, eta Bartzelonan egin zen Tomorrow Mobility mundu mailako kongresuan izan da ikusgai.