Igande honetan jokatuko da Ormaiztegin Gipuzkoako Zaldi Raid txapelketa
Orue Endurance-k sustatzen du proba hau. Hiru kategoriatan banatuta jokatuko da proba. Topagunea eta irteera Antoneneko belardian izango da.
Zaldi Raid-a erresistentzia proba bat da naturan ematen dena, eta inguruneak berebiziko garrantzia du proba horren emaitzan. Zaldizkoak edo amazonak bere zaldiaren gaitasun fisikoa erregulatzen jakin beharko du, zaldia antolatzaileak ezarritako ibilbidearen eskakizunetara ahalik eta ondoen egokitzen dela bermatzeko.
Ormaiztegiko ekitaldiaren kasuan, hiru kategoria ezberdineko proba ospatuko da (40km, 60km eta 80km). Horiek guztiak ibilbide luzeko lasterketetara (100 km, 120 km edo 160 km) iritsi aurretik zaldizkoak eta zaldiak sailkatzeko derrigorrezko proben parte dira.
Topagunea eta irteera Antoneneko belardian kokatuko da, Eskola Zaharrak Gizarte Etxearen parean. 20 km-ko zirkuitu zirkularra diseinatu da, eta, beraz, parte-hartzaileak Ormaiztegitik igaroko dira beren kategoriari dagozkion aldietan. Hitzordua goizeko 09:00etan hasi eta 16:00etan amaituko da.