Joxepane 30 urte ospatzera
Zaldibiako herri tabernaren 30. urteurreneko festa bihar ospatuko dute.
Zaldibiako Joxepane herri ostatuak 30 urte bete ditu, eta azaroan zehar ospatuko dute haren historia eta ibilbidea. Xirika elkarte kudeatzaileak antolatutako egitaraua bihar hasiko da, 30. urteurreneko festarekin.
Hiru hamarkadotan Joxepanek eskaini dituen zerbitzuak balioetsi ditu Xirikak, taberna-jatetxetik hasi, eta bertso saioetara. «Orain arteko ibilbidea, ordea, ez da erraza izan batzuetan. Bideak argi-ilunak izan ditu, ezin baitugu ahaztu ia ateak ixteko arriskuan egon zen garaia», gogoratu dute.
Egoera Xirika elkartea sortuta irauli zuten, 100 bat herritarrek parte hartuta. «Hori bada zerbaiten adierazle. Taberna bat baino gehiago da, herrikoa, herriarena, zurea, geurea». Joxepaneren historia iruditan jasotzeko, argazkiak eskatu dizkiete herritarrei.
Ospakizunei ekiteko, bihar egun osoko egitaraua prestatu dute. Herriko bertsolarien saioa izango da lehendabizi, 13:00etan. Gero bazkaria 14:30ean, beste bertso saio bat ondoren Iker Zubeldia eta Xabat Illarregirekin, eta 19:00etan Polekeleke elektro-txaranga dituzte.
Gaurtik hasi eta hilaren 24ra bitartean argazki erakusketa jarriko dute, Joxepanen bertan. Azaroaren 20an Neskatoak dokumentala eta Jon Abril egilearekin solasaldia (18:30), 27an herri hezitzaileen ipuin kontaketa kultur etxean, eta 29an azken ostiraleko bilkura eta gaztaina jana egingo dituzte.