Kalakan Lazkaon ariko da gaur, herriko musikari eta dantzari taldeekin batera
Arerian 19:00etan hasiko da kontzertua. Lazkaoko Musika Banda eta Oin Arin dantza taldea ere elkarlanean ariko dira.
Bixente Etxegarai, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau musikariak Lazkaon izango dira, gaur, Kalakan taldean. Euskal Herriko folklore musikal berritua Lazkaoko printzekin aberastuko dute. Areria antzokian, 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak (10 euro), aurrez lazkao.eus webgunean eros daitezke. Oraindik geratzen dira apur batzuk.
Kalakanek Lazkaoko Musika Banda eta Oin Arin dantza taldea izango ditu oholtzan lagun. Hirukoteak tokian tokiko taldeekin eta musikariekin halako kolaborazioak sarri egin izan ditu. «Bandak bultzatu du kontzertua. Oin Arini ere gonbita egin genion, eta haiek ere izango dira. Ordubete edo ordu eta erdiko iraupena izango du», azaldu du Lazkaoko Musika Bandako lehendakari Katalin Beitiak.
Kalakanen abestiak landuko ditu bandak, eta kanturen bat bakarrik joko duen arren, Kalakanekin uztartuko dira. Dantzariek koreografiak prestatu dituzte, abesti bakoitzerako. 30 bat musikari ditu Lazkaoko musika bandak.
Kalakan, lagun zaharrak
Goierrin bertan, 2018an Ordizian jo zuen Kalakanek, eta urte bereko urrian Beasainen Loinatz abesbatzarekin kontzertu bat eskaini zuten. 2014an, Antioko baselizan izan ziren, Niko Etxartekin.
Lazkaoko Areria ere ezagutzen dute. 2021eko ekainean Artizar diskoaren kontzertua eman zuen Kalakanek. 2009an Nafarroa Beherean sortu zuten Thierry Bizkari eta Paxkal Indo txalapartariek, eta Jamixel Bereraurekin hirukoa osatu zuten. Euskal musika tradizionalean oinarrituta, eta beti euskaraz, kantu herrikoiei aire berritua ematen die. Bederatzi disko ondu dituzte. Azkena, Ahotsez, 2022koa da.