Igandean hasiko da Ostadar mendi astea, haur ibilaldiarekin
Datorren asterako, lau emanaldi eta Arabara irteera antolatu dituzte. Larunbatean urteko batzar nagusia egingo dute.
Igandean Ostadar mendi astearen 41. edizioa hasiko da, Anjel Etxeberriaren omenezko 36. haur ibilaldiarekin. Ostadarrek haurrak eta gurasoak mendi ibilaldian parte hartzera animatu ditu. 8.30ean abiatuko dira, Zumarragako plazatik.
Astelehenetik aurrera lau emanaldi izango dira. Astelehenean, 19:30ean Labeaga aretoan, Koke Lasa ormaiztegiarrak Nepal kolore eta haize bideak (Great Himalaya Trail) emanaldia egingo du.
Emanaldi hori Nepal ekialdetik mendebalera zeharkatzen duen ibilaldiari buruzkoa da. 1.600 kilometroko luzera du eta Great Himalaya Trail izenarekin ezagutzen da. Herrietatik pasatzen da eta 5.000 metrotik gorako lepoak zeharkatzen ditu.
Asteazkenean, Mikel Saez de Urabainek Bhagirathi III Mendebal Ertza emanaldia eskainiko du. 19:30ean izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldiko protagonistak Mikel Saez de Urabain gipuzkoarra (55 urte), Jose Maria Andres de la Torre madrildarra (52 urte), Alex Kammerlander kanariarra (49 urte) eta Ruben Perez Blazquez errioxarra (44 urte) dira. Eskalatzaile beterano eta eskarmentudun horiek Himalaiako Bhagirathi III mendia gailentzea lortu zuten joan den irailean.
2004ko Starway to Heaven bidea eta Bob Barton eta Alan Fyffe eskoziarren 1982ko bidea uztartu zituzten. Inoiz inork egin gabeko ibilbidea zen. Kapsula estiloan eskalatu zuten eta bidaian Angel Ruiz 57 urteko alpinista burlatarra ere izan zuten bidelagun.
Ostegunean, Oñatiko Aloña Mendi espeleologia taldeak Zuloan zu? dokumentala emango du. Lan horrek lehen saria lortu du Bartzelonako lurrazpiko dokumentalen lehiaketan. Emanaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 19:30ean. Dokumentala Xanti Ugartek zuzendu zuen, 2023an. Bertan, Aloña Mendi espeleologia taldeak Arantzazuko santutegitik gertu dagoen haitzulo baten esplorazioa kontatzen du. Ustekabeko agerpen batek espeleologoak harrituko ditu. Dokumentalaren iraupena 23 minutukoa da eta azpitituluak ditu.
Azkena, Gabilondorena
Ostiralean, 19:30ean Zumarragako kultur etxean, Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendiak emanaldia egingo du. Gabilondok urtero egiten du Euskal Herriko mendiei buruzko emanaldia. Bertako mendiak hobeto ezagutzeko aukera ematen du.
Larunbatean, hilaren 23an, Ostadar mendi taldeko bazkideek batzar nagusia egingo dute. 19.00etan izango da, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bukatzeko, igandean (hilak 24) mendi ibilaldia egingo dute. Arabara joango dira. Peñas de Oro (888 metro) mendia igoko dute, Atxabaldik abiatuta. Autobusa 07:30ean abiatuko da, Zumarragako elizaren aurretik. Ibilaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute.