Nerea Elustondok Oiartzunen kantatuko du bihar, lehen finalaurrekoan
Elorsoro kiroldegian jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hiru finalaurrekoetatik lehena. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken aurreko fasea bihar hasiko da Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Sei bertsolari ariko dira kantuan, horietako bat Nerea Elustondo legazpiarra. Gainerako bostak honakoak dira: Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola eta Oier Etxeberria. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera.
Gai-jartzailea Ane Ezenarro Beristain izango da, eta saioa epaitzearen ardura bost epaile hauek izango dute: Bakarne Urreagak, Eneritz Azkuek, Karlos Ibargurenek, Leire Belokik eta Mikel Lersundik. Idazkari lanetan Aratz Irazustabarrena Garmendia ibiliko da.
Sarrerak, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian izango dira, eta egunean bertan Elorsoroko txarteldegian; aurretik bukatzen ez badira. Kiroldegiko ateak, finalaurrekoa izanda, 16:00etan irekiko dira.
Finalaurrekoetako saio guztiak ETB4n emitituko dira, Ilaski Serrano aurkezle eta Jon Martin aditua lagun.