Boxeo gauak Zubipe bete du
Zubipe kiroldegian 500 bat ikusle bildu ziren larunbatean antolatutako boxeo jaialdian. Goierritarren artean, Oier Nietok debuta egin zuen Ormaiztegin.
Hirugarren urtez antolatu dute aurten, Ander Deunaren jaiak hastear direla, boxeo jaialdia Ormaiztegin. Larunbat iluntzean jokatu zen gau-ekitaldia Zubipe kiroldegia ring erraldoi bihurtuta. Amateur mailako zazpi borrokaldi eta profesionalen arteko bat eskaini zituzten. Roberto Corona antolatzailea, «pozik» dago jaialdiak emandakoarekin.
Zubipe kiroldegia lepo bete zen larunbat iluntzean. Corona «pozik» da, «bai boxeolariek emandako ikuskizunarekin, baita ikusleek emandako erantzunarekin ere». Bere hitzetan, 500 bat ikusle erakarri zituen boxeoak Ormaiztegira larunbatean.
Oier Nietoren debuta
Hasiera batean, amateurren mailan zortzi borrokaldi aurreikusita zeunden arren, bat bertan behera geratu zen, «Errenteriako Paco Bueno klubeko Saad El Tigre gaixo jarri zen eta Irungo Aritz Rekarteren aurka zuen norgehiagoka bertan behera geratu zen», azaldu du. Goierritarren artean, Ordizia Klub Boxing-eko bi kidek parte hartu zuten Oier Nietok eta Israel Etxeberriak. Etxeberria gisako jaialdietan aurretik ere jardundakoa den arren, Nietorentzat debut gaua izan zen larunbatekoa. Borrokaldia galdu zuen Iruñako (Nafarroa) Adrian Celiren aurka, baina «oso ondo» aritu zela azpimarratu du Coronak. «Ez zuen debut erraza izan, aurkaria ezkertia izateak borrokatzeko modua erabat aldatzen baitu», gehitu du. Guztiarekin, «lan bikaina» egin zuela dio, «debut gaueko urduritasunak eta etxeak jokatzeak» suposatzen duen ardura aintzat hartuta.
Profesionalen mailakoa izan zen, dena den, gaueko borrokaldi izarra, Euskoboxeko Endika Gomez eta Madrilgo Tundra Kike Soria klubeko Eduar Guzmanen artekoa. Ordiziako jaialdian arituak ziren biak eta Ormaiztegikoa «errebantxa» modukoa izan zen Coronak adierazi duenez. Ordiziakoan bezalatsu, Gomezek irabazi zuen larunbatean ere.