'Bizikletan adinik ez' saioak Beasainen eta Seguran
Larunbatean Beasaingo Arangoitiko hamabi egoiliarrek ibilbide bat egingo dute herrigunean boluntarioek gidatutako triziklo batzuen laguntzaz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez (BAE) elkartean sinatutako hitzarmenaren barruan, adineko pertsonentzako Bizi Bae programa Beasainera eta Segurara iritsiko da datozen egunetan.
Ekimen hori Gipuzkoako zazpi eskualdeetako hamalau udalerritara iristen da, eta 130 egoiliarrek baino gehiagok beren udalerrietako kaleak trizikloetan zeharkatzea ahalbidetzen du, BAE Donostiako 60 boluntariok baino gehiagok gidatuta. Aurtengo edizioan parte hartuko duten udalerriak Bergara, Irun, Hondarribia, Eibar, Elgoibar, Arrasate, Andoain, Lasarte, Donostia, Beasain, Segura, Villabona, Azkoitia eta Zumaia izango dira. “
Larunbatean Beasainen
Larunbatean Beasaingo Arangoiti egoitzara iritsiko dira trizikloak. 11:00etan hasita, ordu eta erdiko irteera egingo dute herriko kaleetan. Hiru boluntariok gidatutako hiru triziklok hartuko dute parte ibilaldietan, eta bertan bizi diren hamabi pertsonak gozatu ahal izango dute jardueraz, berrogeita bosna minutuko bi ibilalditan. Abendura bitartean iritsiko dira trizikloak udalerri guztietara –Segurako hitzordua ez dute zehaztu–.
“Jarduera horrekin, egoitza-zentroetan bizi diren adinekoek beren komunitatearekin konektatzen dute berriro, esparru iraunkor, osasungarri eta berdintasunezko batetik, errespetua sustatuz eta belaunaldien arteko harremanak ehunduz”, nabarmendu BAE elkarteak.
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuaren laguntzarekin, herri gehiagok mugimendu horrekin bat egin eta beren komunitateetan modu iraunkorrean inplementatu dezaten lagundu nahi du, esperientzia horri etekina atereaz eta gizartean ondorio positiboak egiaztatuz.