Goierriko udalak finantzatzeko foru funtsean, kontuak egiteko garaia
Goierriko udalek 65,1 milioi jasoko dute UFFFtik, iazko aurrekontukoa baino %5,7 gehiago. Udalerri txikien kuota bermatua indarrean sartuko da, finantzazio handiagoarekin. Hala eta guztiz ere, 2024an jasotakotik 2,1 milioi itzuli beharko dute, itxiera aurreikuspenaren arabera.
Eskualdeko udalak hasita daude 2025eko aurrekontuak zehazten eta onartzen. Horretarako ezinbesteko baliabidea dute UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, eta berorren zenbatekoa jakitea; duela hilabete jakinarazi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko itxiera aurreikuspenaren eta 2025eko aurrekontuaren datuak.
Oro har, azken urteetako goranzko joerarekin jarraituko du UFFFk. Goierriko 22 udalek, denen artean guztira 65.184.142 euro jasoko dute datorren urtean. Eskualdeak 70.495 bizilagun dituenez, biztanleko 925 euroko batez bestekoa da. 2024ko aurrekontuarekin alderatuta 3.514.386 euro haziko da foru funtsa (%5,7ko igoera).
1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerriek, bestetik, finantzaketan kopurua handituta ikusiko dute 2025ean. Funtsaren banaketa kalkulatzeko foru araua aurten aldatu du aldundiak, eta herri txikiek diru gehiago jasoko dute.
200 biztanlez behetiko udalerriei (Arama, Altzaga eta Gaintza) %70- 87 bitartean igoko zaie finantzaketa, biztanle kopuruaren arabera, gutxiago dutenei gehiago emanda. 300ez behetik dauden Zerainek eta Mutiloak %62-66 gehiago jasoko dute, eta 1.000tik azpiko lau udalerriek (Olaberria, Itsasondo, Ezkio-Itsaso eta Gabiria) %31-44 gehiago.
2024an, itzulketa
Oro ez da urre, ordea. Finantzaketaren gorakadan, 2024ak salbuespena suposatuko du udalentzat. 2024ko itxiera aurreikuspena apaldu egin behar izan du aldundiko Ogasunak. Hala, iazko aurrekontuan izendatutako eta urtean zehar ordaindutako 61.669.756 euroetatik, Goierriko udalek denera 2.104.433 euro itzuli beharko dute (%3,41eko murrizketa).
Nahiz eta 2023an baino diru gehiago bilduko duten aurten, Gipuzkoako 88 udalentzat 22 milioi euro gutxiago izango diren kalkulua egin du Ogasunak, 2025eko otsailean aurtengo urtearen likidazio zehatza egitearen faltan. «Pentsiodunei egin beharreko itzulketei» egotzi die aldundiak murrizketaren arrazoia. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak foru ogasunak behartu ditu 1979ko urtarrilaren 1aren aurretik mutualitateetara kotizatu zuten pentsiodunei gehiegizko kopurua itzultzeko; EAEn 800 milioi euro inguru dira.
Hazteko aurreikuspena
2025ean, hazkundean jarraitzeko prebisioa du aldundiak. Eusko Jaurlaritzak egindako BPG nominala %4,3 igoko den hazkuntza aurreikuspenarekin bat etorri da Gipuzkoa ere: 6.497 milioi biltzea aurreikusi du, 2024ko itxiera-aurreikuspena baino 476 milioi gehiago (%7,9ko hazkundea). Ekonomiaren hazkunde nominala %4,3 izatea espero da; zerga araudiaren erreformak aldaketak ekarriko ditu; eta mutualisten itzulketei 2024an egingo zaio aurre, «neurri handienean».
2025eko UFFFaren aurrekontua osatzeko, aurreikuspen hori erabiliko du aldundiak. %7 haziko da, 2024ko itxiera aurreikuspenarekin alderatuta. Goierrin jasoagoa izango da igoera hori, %9,43koa (5.618.819 euro).
2024ko itxiera aurreikuspena eta 2025eko aurrekontua | ||||||
Herria | 2025eko aurrekon. | 2024ko aurrekon. | 2024 itxiera aurreikusp. |
aldea (25aurr./24 itxiera) |
Biztanleko zenbat euro |
Biztanleak |
Beasain | 12.449.850 | 12.114.011 | 11.700.629 | 749.221 | 891 | 13.970 |
Ordizia | 9.500.843 | 9.105.378 | 8.794.663 | 706.180 | 893 | 10.641 |
Zumarraga | 8.613.101 | 8.407.532 | 8.120.631 | 492.470 | 890 | 9.681 |
Legazpi | 7.468.443 | 7.304.166 | 7.054.917 | 413.526 | 895 | 8.341 |
Urretxu | 5.983.663 | 5.856.582 | 5.656.730 | 326.932 | 888 | 6.739 |
Lazkao | 5.340.898 | 5.192.595 | 5.015.402 | 325.496 | 888 | 6.013 |
Idiazabal | 2.031.575 | 1.985.734 | 1.917.973 | 113.602 | 893 | 2.275 |
Zaldibia | 1.543.648 | 1.459.105 | 1.409.314 | 134.334 | 890 | 1.735 |
Ataun | 1.500.381 | 1.441.007 | 1.391.834 | 108.547 | 886 | 1.694 |
Zegama | 1.380.312 | 1.352.414 | 1.306.264 | 74.048 | 895 | 1.542 |
Legorreta | 1.311.808 | 1.254.688 | 1.211.873 | 99.936 | 896 | 1.464 |
Segura | 1.300.064 | 1.281.445 | 1.237.717 | 62.347 | 890 | 1.460 |
Ormaiztegi | 1.229.160 | 1.095.702 | 1.058.312 | 170.849 | 1.001 | 1.228 |
Olaberria | 1.082.899 | 855.460 | 826.268 | 256.630 | 1.180 | 918 |
Itsasondo | 829.845 | 600.345 | 579.859 | 249.986 | 1.265 | 656 |
Ezkio-Itsaso | 788.513 | 571.737 | 552.227 | 236.286 | 1.305 | 604 |
Gabiria | 691.900 | 495.437 | 478.530 | 213.370 | 1.367 | 506 |
Zerain | 494.677 | 314.427 | 303.698 | 190.979 | 1.767 | 280 |
Mutiloa | 478.156 | 297.370 | 287.223 | 190.933 | 1825 | 262 |
Arama | 411.085 | 249.686 | 241.165 | 169.920 | 2.175 | 189 |
Altzaga | 398.536 | 239.359 | 231.192 | 167.344 | 2.304 | 173 |
Gaintza | 354.785 | 195.576 | 188.902 | 165.883 | 2.861 | 124 |
GOIERRI | 65.184.142 | 61.669.756 | 59.565.323 | 5.618.819 | 925 | 70.495 |
GIPUZKOA | 672.654.873 | 650.744.196 | 628.538.036 | 44.116.837 | 924 | 728.027 |