«Hobetzen jarraitu eta Ordiziako Boxeo Gauean parte hartu nahiko nuke»
Oier Nieto Ruano boxeolari ordiziarrak lehenengo boxeo lehiaketan parte hartu du, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian.
Ormaiztegin lan egiten du eta Ormaiztegin egin du debuta Ordizia Boxing Kluba taldeko Oier Nieto Ruano (Ordizia, 2002) boxeolari gazteak, Zubipe kiroldegian, 500 lagunen aurrean. Larunbateko golpeen ubeldua eskuineko begian nabarmen du oraindik baina gustura dago ordiziar gaztea.
Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian jokatu zenuen boxeoko lehenengo lehiaketa, pasa den larunbatean.
Bai, justu lan egiten dudan herrian; Irizarren lan egiten dut. Nahiko ondo joan zen, nik uste baino hobeto, nahiz eta galdu. Lehenengoa izateko, oso gustura geratu nintzen egia esanda. Oso sentipen onak izan nituen. Entrenatzailearekin hitz egiten aritu nintzen bukatutakoan eta oso gustura geratu ginen.
Noren aurka aritu zinen?
Adrian Celi nafarraren aurka, 75 kilotan.
Zer moduz sentitu zinen lehenengo aldiz ring baten gainean?
Ondo. Erakustaldiak eginda neuzkan aurretik, lagunartekoak. Baina lehenengo lehiaketa izan zen. Nerbio pixka bat gehiago izan nituen, baina uste baino lasaiago atera nintzen. Inguruko jendearen babesa sentitzen duzu, animo oihuak… Babestuta sentitu nintzen. Gogo gehiagorekin atera nintzen, nerbioekin baino.
«Ez dut helburu handirik jarri nahi. Lasai hartu, esperientzia hartu eta denborak esango du»
Noiztik zabiltza boxeoan?
16 urterekin hasi nintzen, 2018an. Covid garaian alde batera utzi nuen, baina gero nire kabuz jarraitu nuen. Iaz berriz ere serioago hartu nuen.
Non entrenatzen duzu?
Batetik, Ordizian, nire hasierako klubean eta orain Donostian ere hasi naiz, belodromoaren ondoko klub batean.
Boxeoa serioago hartu duzu beraz.
Bai, Donostiako gimnasioa serioagoa da. Lehiatzeko prestatzen gaituzte. Argi neukanean lehiatzen hasi nahi nuela, hara joatea erabaki nuen, ‘egur’ gehiago sartzeko, pixka bat serioxeago hartzeko.
Gehiago ere etorriko dira orduan?
Bai, asmoa hori da. Hobetzen jarraitu eta Ordiziako Boxeo Gauean parte hartu nahiko nuke. Asmoa hori da, ea nola joaten den. Ikuskizun potentea da Ordiziakoa.
Boxeoan zein helburu duzu?
Ez dut helburu handirik jarri nahi. Lasai hartu, esperientzia hartu eta denborak esango du. Ordiziako boxeo jaialdian parte hartu, ikusi ea sentsazioak nolakoak diren, eta gorputzak eskatzen duena.