Miren Etxezarretaren artxiboa aurkeztuko dute larunbatean Ordizian
Barrenan 11:00etan hitzaldia egingo du ekonomialari ordiziarrak.
Miren Etxezarreta Zubizarreta (Ordizia, 1936) ekonomialariak bere funtsaren zati bat dohaintzan eman zion Ordiziako Udalari, 2022an. Haren lanak sailkatu, digitalizatu eta artxibatu dira, eta orain, artxibo horren eta aurrera begirako asmoen jendaurreko aurkezpena egingo da. Etzi da ekitaldia, Barrenan. 10:30ean kafe harrera izango da, 10:55ean Adur Ezenarro alkatearen agurra, eta 11:00etan, Miren Etxezarretaren hitzaldia izango da. 12:00etan aurrera begirako egitasmoak azaldu eta artxiboa aurkeztuko dute.
Etxezarreta, ekonomia lizentziaduna da EHUn; London School of Economicsen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, berriz, doktorea. Azken horretan eta Sussexeko Unibertsitatean eman ditu eskolak. 1970etik gaur arte gauzatutako obran Karl Marx eta Rosa Luxemburg ezinbesteko erreferentziak izan ditu. Keynes osteko egileak ere eredu ditu, batik bat Joan Robinson.