Movemberren alde gaur igeriketa saio solidarioa egingo dute Lazkaon
Igeri egindako 100 metroko, euro bat ipiniko dute partaideek.
Lazkaoko Antzar Korrikalariak atletismo taldeak Movember mugimenduari laguntzeko igeriketa saio herrikoia eta solidarioa antolatu du, iaz bezala, Lazkaon. Barandiaran kiroldegiko igerilekuan, bihar izango da, 19:00etatik 20:00etara, ordubeteko iraupenarekin. Gizonezkoen gaitzak eta gaixotasunak ikertzeko Goierrin laguntza biltzen ari den Moherri taldeari emango diote lortzen den diru-etekina.
Igerilekuko hiru kale erreserbatu dituzte, eta lazkaotarrek nahiz edozein goierritarrek bertan igeri egin ahalko dute. Osatutako 100 metroko, euro bat jarriko du partaide bakoitzak.
Banaka, taldeka nahiz erreleboka parte har daiteke, eta edonorentzat irekita dago. Aingirak igerilari taldeak, eta Beasaingo eta Ordiziako triatloi taldeak ere Lazkaon izango dira, Antzar Korrikalariez gain.
Ahalik eta diru gehien bildu nahi dute.