Luis Colladok maketa erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean
Luis Collado zumarragarrak maketa erakusketa ireki du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Eiffel dorrearen eta Burgoseko (Espainia) katedralaren maketak ikus daitezke, besteak beste. Bere lanak abenduaren 12ra arte izango dira ikusgai: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.
Collado Badajozeko (Espainia) Santa Amalia herrian jaio zen, 1941ean. 20 urte zituenean Ordiziara etorri zen, bere osaben eta anaiaren etxera. Soldadutzaren ondoren Zumarragara etorri zen, Orbegozo auzora, anaiarekin batera. Orbegozo enpresan lan egiten hasi zen eta bertan jubilatu zen. Bi seme-alaba ditu.
Duela urte gutxi hasi zen maketak egiten. «Makilatxoekin hasi nintzen. Egurrarekin egiten ditut beti: txitxi-burruntzien makilatxoekin, egur lodiagoekin… Ordu asko ematen ditut. Konpostelako (Galizia) katedrala egiteko, hilabete eta erdi behar izan dut. Oso ondo pasatzen dut, baina loa eragozten dit. Ohera joaten naizenean, maketa nola egin pentsatzen hasten naiz eta loak hartzea kostatzen zait». Maketak Leturiatarren plazako jubilatuen egoitzan erakutsi zituen eta bizilagunek Zelai Arizti kultur etxera eramatera animatu zuten. Konpostelako katedralaz gain, Sevillako (Espainia) plaza, Pariseko Disneyland-eko gaztelua, etxe batzuk, Burgoseko katedrala, itsasontzi bat, aldizkari batean ikusi zuen beste katedral bat, Eiffel dorrea eta hiru dorre egin ditu.
Ez daki maketak egiten jarraituko duen. «Maketak etxean egiten ditudanez, etxea maketaz eta egur zatiez beteta dut. Emaztea nire maketez nekatuta dago. Oraingoz, ez dut maketa gehiago egiteko asmorik», aipatu du zumarragarrak.
Oso gustura dago bisitariengandik jasotako erantzunarekin. «Erakusketa asteartean ireki nuen eta bertaratu zirenek maketak gustatu zitzaizkiela esan zidaten. Oso pozik nago», amaitu du.
Pintura erakusketa
Colladorena ez da egunotan Urretxu eta Zumarragan ikus daitekeen erakusketa bakarra. Izan ere, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan Vicente Iriondoren margolanak ikus daitezke. Margolanak abenduaren 1era arte egongo dira Urretxun. Juan de Lizarazu aretoa asteartetik igandera irekitzen da, 17:30etik 20:30era.
Iriondoren erakusketaren izenburua Ezkutuko denbora da. Iriondo eibartarra da eta ingeniaria lanbidez. Urte asko daramatza margotzen eta bere herriko arte elkarteko kidea da.
1973tik gaurdaino erakusketa asko egin ditu, batez ere Debabarrena eta Debagoienan. Arrautza gorringoarekin aglutinatutako pigmentuak erabiltzen ditu margotzeko.