Taldekako bola finalak, etzi Gabirian
Goierriko hiru talde eta Beterriko beste hiru lehiatuko dira, zapatu goizean Alkainburun.
Denboraldiko azkeneko bola lehiaketa ofiziala, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, larunbatean amaituko da. Gabiriako Alkainburu bolatokian jokatuko dira finalak, gizonezkoen mailakoa 09:00etan hasita, eta emakumezkoen mailakoa 12:00etan. Ligaxka fasea eta finalaurrekoak jokatu ondoren, sei talde sailkatu dira azken jardunaldirako, finaletarako.
Gizonezkoetan, Segurako Txoritegi, Legazpiko Danantzako, Ibarra-Belauntza eta Ereñotzuko Ur Mia lehiatuko dira, bakoitza launa bolarirekin. Emakumeetan, Ategorrietak eta Zerainek jokatuko dute txapelaren bila.
Etziko plangintzari dagokionez, 10:00ak arte gizonen entrenamendu saioa izango da. 09:45ean taldeen ordena erabakitzeko zozketa egin, eta 10:00etan hasiko dira tiraldiak. Final hori bukatutakoan, emakumeen txanda 12:00etan hasiko da.