Gabonetako erakusleiho lehiaketa prestatzen hasi da Legazpiko Udala
Parte hartu nahi dutenek izena emateko epea ireki du, hilaren 29ra arte. Aurten 50 euroko laguntza emango die materialerako eta argindarra ordaintzeko.
Legazpiko Udala hasi da aurtengo Gabonetako erakusleiho lehiaketa, eta dagoeneko ireki du parte hartzeko izena emateko epea. Hilaren 29ra arte egongo da irekita, udalaren www.legazpi.eus webgunean, edo 943 73 70 30 telefono zenbakiko 283 luzapenera deituta.
Ohiko formatua eta oinarriak izango ditu lehiaketak, baina aurten berritasun bat izango da, partaideei 50 euroko laguntza emango dielako udalak, erakusleihoa atontzeko materiala eta argindarra ordaintzeko.
Aurten ere lau sari izango dira. Irabazleak 500 euroko jasoko ditu, bigarrenak 300 euro, hirugarrenak 200 euro eta beste 200 euro herritarrek aukeratutako saridunak. Lauek plaka bat ere jasoko dute. Ohi bezala, originaltasuna eta publizitate mezuak ikusleengan duen eragina hartuko dira kontuan saridunak aukeratzean, baita erakusleihoaren kalitatea eta Gabonetako giroarekin duen lotura ere. Herritarren sarirako bozka ematen duten herritarren artean 100 euroko erosketa txartela zozkatuko du udalak.
Lehiaketarako erakustaldia abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, biak barne, eta erakusleihoa lehenengo egun horretarako egon beharko da jarrita. Abenduaren 18an emango dute jakitera saridunak, baita erosketaren bonuaren irabazlea zein den ere.
Iazko edizioan 12 dendak eta zerbitzuk parte hartu zuten, eta Aranzazu Optikak irabazi zuen. Betieder estetika zentroa izan zen bigarrena, eta Attiko diseinuak hirugarrena. Herritarren saria Maitia haurren arropa eta oinetako dendak jaso zuen, eta Mimaru lore dendari aipamen berezia eman zioten.