Amaia Iturriotz eta Eneko Araiztegi txapelketatik kanpo geratu dira
Bosgarren eta seigarren geratu dira Zarauzko saioan. Alaia Martinek irabazi du, eta zuzenean sailkatu da finalerako. Puntuak ikusita, Nerea Elustondok finalean lekua izan dezake.
Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan esan diote agur txapelketari Amaia Iturriotz urretxuarrak eta Eneko Araiztegi ‘Korta’ segurarrak. Bosgarren eta seigarren sailkatu dira hurrenez hurren, eta finalerako batere aukerarik gabe geratu dira. Alaia Martinek irabazi zuen atzoko saioa, eta horrenbestez, zuzenean sailkatu da finalerako. 1.400 bertsozale bildu ziren, eta sarrera denak agortu ziren.
Honela geratu da sailkapena:
- Alaia Martin Etxebeste (544,5 puntu)
- Eneritz Artetxe Eizagirre (519,5)
- Aner Peritz Manterola Euzkitze (512)
- Unai Mendizabal Jauregi (504,5)
- Amaia Iturriotz Etxaniz (493,5)
- Eneko Araiztegi Agirre Korta (462)
Nerea Elustondo, finaletik gertu
Aurreragoko igandean Oiartzunen jokatu zen lehen finalaurrekoan hirugarren sailkatu zen Nerea Elustondo legazpiarrak Gipuzkoako finalean kantatzeko aukera izan dezake. Datorren igandean, abenduaren 1ean, Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko den hirugarren finalaurrekoaren ondoren jakingo da finalean abestuko duten zortzi bertsolarien zerrenda. Puntuz, gaur-gaurkoz, bigarren doa legazpiarra.