Legazpiko ikastetxeek bat egin dute Azaroaren 25eko aldarrikapenekin
Domingo Agirreko Elkarbizitza batzordeak antolatuta, geletan landu dute gaia eta gaur eman diote amaiera lanketari, kantxan egindako dantza saio batekin. Haztegi ikastolak herriko plazara eraman zituen ostiralean indarkeria matxistaren aurkako mezuak.
Legazpiko ikasleek bat egin dute gaur Azaroaren 25eko aldarrikapenekin, eta aurreko egunetan hasita, hainbat jarduera burutu dituzte emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztearen alde daudela erakusteko.
Domingo Agirre ikastetxean, esaterako, komunitate osoak parte hartu du Elkarbizitza batzordeak antolatutako ekintzetan. Gela guztietan landu da indarkeriaren gaia, besteak beste informazioa zabalduz eta ikasleen ekarpenak, galderak edo burutazioak jorratu. Aurten, indarkeriaren gaiaren inguruko kontzientzia hartzea eta berdintasuna bidea dela ohartaraztea jarri dute erronkatzat. Gaur eman diote amaiera lanketari, eta horretarako eskolako kantxan elkartu dira Lehen Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak, eta M-n ezten taldearen Beldurrak ahaztuta abestia abestu eta dantzatu dute.
Haztegi ikastolako ekitaldi nagusia, berriz, joan den ostiralean izan zen. Aurretik, aste osoan zehar emakumeen aurkako indarkeria gaia jorratu zuten geletan eta herrian zehar posterrak zabaldu zituzten. Ekintza hori hau DBHO1 eta DBHO2ko ikasleek antolatu zuten, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta kontzientzia sortzeko helburuz. Ostiralean, udaletxe aurreko plazan elkartu zien eguerdian, eta pregoia irakurri eta gero, indarkeria matxistaren aurkako mezuekin betetako panelak aurkeztu zituzten jendaurrean. Horrez gain, testigantzen muralak eta QRak aurkeztu zituzten, eta lazo moreak eta “stickerrak” banatu zituzten. Ekitaldian zehar genero indarkeria gaitzat duten abestiak jarri zituzten, gai honen inguruan sentsibilizatzeko. Amaitzeko, taldeko argazkia atera zuten.