Ordiziako eragileek Azaroaren 25eko ekitaldia egin dute
Kimetz elkarteak antolatutako mobilizazioan, eta Oianguren Institutua, Jakintza Ikastola, AEK euskaltegia, Garagune zentroa, Ordizia Kolore eta Berdintasun Sailak parte hartu dute. Altamiratik manifestazioan joan dira Garagartza plazaraino eta bertan egin dute ekitaldi nagusia.
Gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, mobilizazioa egin dute goizean Ordizian, Kimetz elkarteak antolatuta, eta Oianguren Institutua, Jakintza Ikastola, AEK euskaltegia, Garagune zentroa, Ordizia Kolore eta Berdintasun Sailaren parte hartzearekin. Altamiratik manifestazioan joan dira Garagartza plazaraino eta bertan egin dute ekitaldi nagusia.
Kimetzen irakurketaren arabera, “orain, Indarkeria matxista ikusarazteko, sentsibilizatzeko, mobilizatzeko eta salatzeko plaza honetan gauden bitartean, emakume batzuk jazartzen, erasotzen, bortxatzen eta erailtzen ari dira; horregatik, ozen eta argi esan nahi dugu, Aski da!”.
Indarkeria matxistaren ondorioz, EAEn 2024 izandako salaketak %9,2 igo dela gogorazi dute. Eta “Euskal Herrian, 2024an, bost emakume hil dituzte”.
Konponbidea ez bazara, arazoa zara
Gizonezkoei hitz egin die ondoren: “Urteak daramatzagu gizonak interpelatzen, galdetzen diogu geure buruari non kokatzen diren arazo larri honen aurrean? Gaur eta hemen jarraitzen dugu, Konponbidea ez bazara arazoa zara leloarekin interpelatzen”. Gaineratu dutenez, “egoera larri honen aurrean ezin dugu normalizatu, onartu eta beste alde batera begiratu. Indarkeria matxista mota guztiei erantzutea guztion erantzukizuna da”.
Erantzukizunak hartzeko unea dela nabarmendu dute: “Indarkeria matxistaren aurrean, ez dago isiltasunik. Isiltasunak konplize bihurtzen gaitu”.
Ikastetxeen parte hartzea
Oianguren Institutuko, Jakintza Ikastolako eta AEK euskaltegiko kideek ekitaldi bana egin ondoren, elkarrekin abestuz eta more koloreko hari matazarekin puntuak elkarlotuta amaitu dute ekitaldia.
Arratsaldean beste ekitaldi bat
Arratsaldean koordinadora feministak deitutako beste deialdi bat dago, 18:00etan, Barrena plazatik aterata.