Urteurrenez eta omenaldiz beteriko Santa Zezilia kontzertua aurten, Legazpin
Goiz Deia txistulari taldeak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak goraino bete zuten Urbeltz pilotalekua larunbat iluntzean, urtero musikarien zaindariari eskaintzen dioten emanaldian. Errondailaren 60 urteak eta Legazpiko ereserkiaren 25 urteak ospatu ziren, eta omenaldiak egin zitzaizkien hainbat musikariri. Valentziara bidaltzeko 1.205,15 euro ere bildu ziren.
Legazpiko musika talde nagusien kontzertu kuttuna da Santa Zeziliakoa, eta legazpiarrei asko gustatzen zaiena. Larunbat iluntzean 550 pertsona inguru elkartu ziren Urbeltz pilotalekuan Goiz Deia txistulari bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak prestatutako ikuskizunaren inguruan, baita ederki gozatu ere. Gonbidatu gisa, Sustraiak eta Korosti taldeetako dantzariek ere parte hartu zuten, baita Iñar Sastre eta Oier Gaston piano jotzaileek eta Amaia Mujika eta Nagore Imaz txirula jotzaileek ere.
Gainera, urteurrenetarako eta omenaldietarako tartea izan zen, eta elkartasunik ere ez zen falta, Gurutze Gorriaren bidez Valentziara helarazteko dirua ere bildu zelako.
Musikariek ia bi orduko ikuskizuna eskaini zuten, eta toki berezia izan zuten bertan Alaitasuna errondailaren 60. urteurrenak eta Legazpiko ereserkiaren 25. urteurrenak.
Errondailaren 60 urteak
Errondailakoek opariak jaso zituzten gainerako musikarien aldetik, eta Eli Gordoa zuzendariak oroigarriak eman zizkien beste taldeei, baina “hunkigarriena eta bereziena”, talde guztiek batera En mi viejo San Juan abestia interpretatu izana izan zen, Gordoaren hitzetan, errondailaren errepertorioko abesti mitikoa delako.
Urte osoan zehar ospatutako urtemugari amaiera emateko baliatu zuten errondailako kideek larunbateko kontzertua.
Legazpiko ereserkiak 25 urte
Legazpiko ereserkiaren urteurrena ospatzeko, berriz, talde guztiek batera jo eta abestu zuten duela 25 urte justu, 1999ko Santa Zezilia kontzertuan estreinatu zuten abestia. Dantzariek lagundu zieten musikariei, Santa Zeziliako kontzertua itxi zuen ekitaldi xume horretan.
Gaurko bandaren zuzendaria den Jesus Castillejo eta haren aurretik kargu hori izan zuen Ramon Esnaola zenak konposatu zuten ereserkiaren musika, eta hitzak Miguel Angel Burguera zenak jarri zizkion. Ereserkiaren sortzaileen artean beste bi izen ere badaude, Cesar Carballorena eta Edurne Zabalorena, danborradan jo ahal izateko konponketak egin zizkiotelako abestiari.
Castillejok Esnaolari erreleboa hartu berritan dago ereserkiaren musikaren jatorria. Zuzendari gaztea askotan joaten zitzaion bisitan beteranoari etxera, biek harreman estua zutelako eta musikarekiko interesa konpartitzen zutelako. Herriarentzako ereserki baten beharra ikusi zuten, eta aurretik Esnaolak konposatuta zituen melodia batzuk oinarri hartuta osatu zuten pieza. Hasieran bi bertsio zituen, eta lehena zortziko labur batekin hasi eta amaieran klarinete solo bat zuen. Bigarrena eta behin betikoa, Burguerak egindako hitzei egokitzeko egindako moldaketa da, eta Gora Legazpi! espresioak ixten duen musika progresio batekin amaitzen da.
Ereserkia “martxa solemne bat” dela dio Castillejok, “baina aldi berean herrikoia da, eta harmonizatzeko erraza”. Horregatik hartu zuten hain ongi herritarrek, eta horrelako osasunarekin iritsi da gaur egunera arte. Udalak bere egin zuen berehala, eta bandak, txistulariek eta abesbatzak ere sartu zuten bakoitzaren errepertorioan. Gerora, Sustraiak eta Korosti dantza taldeak ere batu ziren, eta dantzatu egiten dute ereserkia, Gipuzkoako hainbat dantza pauso elkartuta. Larunbatean, Santa Zezilia egunean, Alaitasuna errondailak ere bere egin zuen.
Omenaldiak
Santa Zezilia kontzertua musikarako bakarrik ez, omenaldietarako ere izaten da, eta larunbatean ere bete zuten ohitura hori.
Hala, Legazpi Musika Bandak aitortza eskaini zien taldean 25 urte daramatzan Juan Del Cantori eta 40 urte egin dituen Carlos Erostarberi.
Errondailan, berriz, 25 urtetik gorako ibilbidea egin duten Bittor Larraza, Olatz Aranguren, Jose Luis Alonso, Raul Casales eta Eli Gordoa zuzendaria bera omendu zituzten.
Valentziarako 1.205,15 euro
Santa Zezilia kontzertuak elkartasun kutsua ere izan zuen, eta Valentzian gertatutako hondamendia konpontzen laguntzeko egindako diru bilketan 1.205,15 euro jaso ziren guztira. Urola Garaiko Gurutze Gorria egin zen diruaren kargu, eta zuzenean bidaliko diote orain Valentziako Gurutze Gorriari.
ARGAZKIAK: Emi Murillo eta Tere Madinabeitia
BIDEOA: Emi Murillo