Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak bihar banatuko dituzte
Arnasgune diren herrietako gazteek 260 bideo aurkeztu dituzte, inoizko gehien, eta tartean, Goierriko herrietatik bidalitako hainbat lan daude. Sari banaketa Bergarako Seminarixoan egingo dute.
Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko. Arnasa Gara Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2024ko edizioan 260 lan jaso dira, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Tartean, hainbat dira arnasgune diren Goierriko herrietatik bidalitakoak. Publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da.
Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4) eta 6 sari banatuko dira, guztira 2.500 euro. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 40 udalerrik izan dute ordezkaritza hiru kategorietan. Bakoitzean, parte hartzaileek, erronka bati egin behar izan diote aurre. LH 5. eta 6. mailako ikasleek beren herriko txoko kutunenerako bidea erakutsi behar izan dute. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek beren herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi behar izan dute. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek, berriz, kazetari lanak egin eta kalean zehar jendeari galdetu behar izan diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen.
Sari banaketa Bergaran, bihar
Bergarako Seminarixoan izango da hirugarren edizioaren sari banaketa. Esti Curielek eta Amaia Ruiz de Galarretak aurkeztuko duten ekitaldia. 18:00etan hasiko da eta amaieran lunch-a eskainiko da. Sei sariak honela banatuko dira: Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria izango du (guztira hiru); horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua. Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan ditu, eta 250 euroko sari bana emango die herriko bideo irabazleei. Sariak, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan dago. Uema, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta helburutzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioa eman nahi die herri horiei, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz hitz egiteko arau sozialak du indarra.