Hitzaldi eta omenaldi banak borobilduko dute oroimen historiko zikloa
Frankismoaren azken urteetako errepresioaz ariko da Buces bihar Ataunen.
Ataungo Iragana gogora ekartzen egitaraua aste honetan bukatuko da. Aurtengo zikloaren bizkarrezur den Oroibidea erakusketa ikusteko aukera bihar arte egongo da, batetik. Udaletxeko ganbaran dago, 18:00etatik 20:00etara zabalik. Nafarroan, 1936ko gerrari eta ondorengo errepresioari buruzko testigantzak, agiriak eta informazioa jaso dituzte Oroibidea artxibo digitalean. Cesar Layanak ireki zuen erakusketa lehengo astean, hitzaldi bat emanda.
Bihar, bestetik, Javier Buces historialariak (Sevilla, Espainia, 1982) Frankismoaren azken urteetako errepresioa hitzaldia egingo du, udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan. Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko Memoria Historikoaren Arloko arduraduna da Buces, eta diktadura frankistari eta euskal gatazkari buruzko hainbat argitalpenen egilea, bai herrika, bai Gipuzkoa mailan.
Azkenik, gerraren ondorioak jasan zituztenei urtero egiten zaien omenaldia larunbatean izango da, Aiako oroitarrian, 12:00etan.