Lurraldebusen autobusek Ataungo Iztator aldean geralekua izango dute
Abenduaren 2tik aurrera, GO-04 lineako autobusak Elbarrena 70 parean ere geratuko dira, Ataunen beste geltoki bat sortuta.
Lurraldebusen lineako autobusek beste geraleku bat izango dute, abenduaren 2tik aurrera, Ataunen. Elbarrena 70ena, Urbieta-Bittor tabernen pareko Iztator aldean, geldialdia egingo dutela iragarri dute, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ataungo Udalak.
Legorreta-Itsasondo-Ordizia-Beasain-Lazkao-Ataun ibilbidea osatzen duen GO-04 lineako autobusak Iztatorren ere geldituko dira. Berreskuratu egin dute, nolabait, garai bateko geralekua. Aspaldiko eskaria zen udalerriaren partetik, eta “uste eta nahi baino denbora gehiago” behar izan bada ere, Martin Aramendi alkatearen hitzetan, “gustura” direla azaldu eta esker ona eman dio Diputazioari. “Geraleku garrantzitsua da guretzat, batez ere ikasle-jendeak eta adinekoek erabiltzen dutelako, ostalaritza-zerbitzua ere ematen da geltokiaren ondoan, eta espero dugu gero eta erabiltzaile gehiago izatea”.
Maiatzeko bileran jasotako eskaria bete dutela argitu du, bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek. “Garraio publikoa da lurraldea egituratzeko eta kohesionatzeko dugun tresna nagusia, are gehiago udalerri txikietan. Horregatik, garrantzitsua da inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan aritzeaz gain, erabiltzaileekin entzute aktiboa izatea, eskaintzen dugun zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzeko. Garraio publikoa oinarrizko eskubideak eskuratzeko atea da”, esan du Dominguezek, diputazioak zabaldutako prentsa-oharrean.
Geralekua kokatzeko lanak udalak egin ditu, eta Lurraldebusek kudeatuko du GO-04 linearen barruan. Astelehenean, abenduak 2, jarriko dute zerbitzuan.