Mizpirak usteltzen hasi dira azokan
Mizpira "gordinei" mizpira "ustelak" gehitu zaizkie gaur. Bidanitik iritsitako kardua ere berria da, eta udazken-neguko loreetan ere izan dira berritasunak.
Gipuzkoako odolki onenen usainak ez dira iritsi aurten azoka gunera, lehiaketak ohiko lekuari eutsi, eta udaletxe azpia urruti geratzen delako Garagartza plazatik. Gaurko asteazkenak, beraz, bi foku izan ditu Ordizian, Olanok irabazi duen Gipuzkoako 25. odolki lehiaketa batetik udaletxean, eta ohiko feria bestetik, Garagartza plazan. Bi lekuetan egon da giroa, hala ere, eta bi lekuetan izan da hotza ere; 10:00etan termometroak 6 gradu eskas markatzen zituen.
Hotz garaikoak dira, hain zuzen, gaur ferian izan diren berritasunak. Horietako bat Bidania-Goiatzetik iritsi da, kardua. Natalia Magallanesek jarri ditu salgai, pieza handiak, bakoitza 4,95 euroan. Estimu handiko barazkia da kardua, baina lan handi samarra ematen duena ere bai, penkei banan bana kendu behar zaizkielako hariak, eta gero zatiak egin. Badago modua hori saihesteko, dagoeneko garbituta eta txikituta ere saltzen delako, baina prezio aldetik ez dago alderatzerik, eta askoz ere merkeago ateratzen da pieza osoa erosi eta lehen esandako lan hori hartuta, gero poteetan sartuta kontserbatu edo izoztu. Garai batean asko egiten ziren lanak dira horiek, eta orain, geroz eta zale gehiago dituzte.
Garai batean ere asko jaten zen fruta da mizpira, eta gaur egun ere asko estimatzen dutenak badira. Ferian badira salgai, orain arte “gordinak” Arantxa Lopetegiren postuan, eta gaurtik baita “ustelduak” ere Maite Zurutuzaren postuan. Kiloa 3 eta 5 euro artean dago.
Neguko loreen jarioa
Loreen artean, bestalde, udazken-negukoen denboraldia hasi denetik, jarioak ez du etenik. Aurreko astean iritsi ziren lehen poinsetia edo pazko loreak, eta aste bere horretan horretan jarraitu du eskaintzak, oraindik lore gorridun landareekin. Poinsetiak 8 eta 12 euro artean zeuden gaur. Gabonekin lotuta, beste landare bat ere jarri dute salgai, korosti txikia. Iñaki Azanzak zuen, Gabonetarako apaingarri moduan prestatuta, hosto berdeekin soilik edo punta horiekin, 6,5 euroan.
Lore berria da, baita ere, hiazintoa. Lore-begia oraindik itxia zuten Azanzak zituenak, baina behin irekita, kolorez eta usain goxoez betetzen dira; 2,5 euroan zituen salgai. Azkenik, Caengo anemona aipatu behar da, oraindik lore gutxiarekin badago ere; Azanzak zuen hori ere, 4,5 euroan.
Tripaki perretxikoak
Mikologiaren atala gaur oparoa izan da, eta berritasun bat ere izan da, tripaki perretxikoa. Bi kilo eskaini dituzte, kiloa 15 euroan.
Bestela, Lasa eta Barcinaren artean honako eskaintza osatu dute: 150 kilo onddo (22-40 euro), 60 kilo niskalo (14-22 euro), 20 kilo mendiko angula (22 euro), 15 kilo gibelurdin (28 euro), eta 200 gramo inguru gorringo (kiloa 35 euroan).
Lasak usoak ere bazituen, 7 euroan luma eta guzti, eta 9 euroan lumatuta.
Gereziak, ozeanoaren beste aldetik
Gaurko egun hotzean, bestalde, udararekin lotzen den fruta izan dute salgai Zuhaiztiko hainbat fruta saltzaileek, gerezia, orain uda den edo uda iristen ari den lekuetatik ekarrita, Txiletik, hain zuzen. Kiloa 16,9 euroan zegoen.
Marrubiak ere ugaritzen ari dira, eta Huelvakoak izan dira gaur berritasun, 16-18 euroan kiloa. i
Eta iritsi berria den ilarrak gorakada izan du prezioan; kiloa 6,90 euroan jasi zen, eta gaur 8,90 euroraino iritsi da.
Gaur, bisitari ugari
Odolki lehiaketak erakarrita ohi baino bisitari gehiago izan dira gaurkoan, eta taldeak ere ez dira falta. D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik, adin desberdinetako taldeak izan dira bisitan: Segurako Herri Eskolako eta
Legazpiko Olazabal Institutuko ikasleak, eta Zarauzko jubilatuak.