Magicus saria irabazi eta gero, Saharara bidaia eta Euskal magoen gala Eneko Gutierrezen agendan
Bartzelonako magia gaztearen jaialdian, gertuko magiaren ataleko lehiaketa irabazi du. Bihar abiatuko da Saharara elkartasun bidaian, eta magia gala abenduaren 20an izango da, Latxartegi aretoan.
Bartzelonan Magicus saria irabazi berri du Eneko Gutierrez magoak, eta datozen asteetako agenda ekitaldiz beterik du. Agendan bi hitzordu ditu besteak baino nabarmenago idatzita: Saharara egingo duen elkartasun bidaia eta Euskal magoen gala.
Magicus saria Bartzelonako XV. Magia Gaztearen Jaialdian irabazi zuen joan den asteburuan. Gertuko magia eta aretoko magia ataletako lehiaketak egiten dira jaialdi horretan, eta parte hartzeko aurre hautaketa gainditu ondoren, bertara joan zen Gutierrez beste bost mago euskaldunekin batera. Legazpiarrak lehen saria irabazi zuen gertuko magian, zortzi partaideen artean; aretoko magian zazpi ziren, eta Eleder magoak hirugarren saria irabazi zuen.
Gutierrezek 8-9 minutuko ikuskizun batekin irabazi du Magicus saria. Magoak berak sortutako lana izan da, eta azaldu duenez, «sormen prozesu polit baten emaitza». Hiru hilabete behar izan ditu prestatzeko.
Saria eskuetan duela, orain beste lehiaketa batzuetan du begia jarritan: «Madrilen dago bat martxoan, gero Toledon, Portugalera ere joan nahi dut, eta Terrassara azkenik, estatu mailako txapelketara».
Hurrengoak, Sahara eta magia gala
Herrialde Katalanetan igaro duen asteburuaren ondoren, Saharara joatekoa da astebeterako, bihar bertan abiatuta. Magia ikuskizunak eskainiko ditu han, errefuxiatuen kanpalekuetan.
Itzultzean, Euskal Magoen bigarren Galarekin du hitzordua, Legazpin. Abenduaren 20an izango da, Latxartegin, eta Iagomago, Eleder magoa eta Ander Lacallek, Eider Villalbak, Omar Somaik, Gaizka Sarasuak, Iholdi Beristainek eta Oihan Carramiñanak osatzen duten Kalte kolektiboa izango dira partaideak, Gutierrezekin batera. Sarrerak salgai daude.