Ander Otegi eta Kepa Ormazabal Euskadi Fundazioaren amateurren taldeak fitxatu ditu
Ampo taldeko zegamarrak eta gabiriarrak afizionatuetan jarraituko dute, 2024ko denboraldi oparoa osatuta. Gaur aurkeztu dute taldea, eta Mikel Gaztañaga itsasondoarra izango da kirol zuzendaria.
Goierriko Ampo txirrindulari taldeko Kepa Ormazabal gabiriarrak eta Ander Otegi zegamarrak Euskadi Fundaziora jauzi egingo dute. 2025eko denboraldian Euskaltel-Euskadiren bigarren taldean ariko dira, harrobiko amateur taldean. Aurten amaitu dute jubeniletako aroa, eta afizionatuetan jarraitzeko fitxatu ditu fundazioak.
Gaur aurkeztu dute Euskadi Fundazioa. 19 txirrindulari izango ditu, Mikel Gaztañaga kirol zuzendari itsasondoarraren esanetara. Elite mailako bi ziklista, eta 23 urtez azpiko 17 dira, tartean Otegi eta Ormazabal. Urtebete zaharragoa den Gari Ugarte legazpiarrak ere jarraituko du.
Hain zuzen, 2025ean, Euskal Herriko Euskaldun eta Lehendakari txapelketak, Espainiako Kopa (tartean Aiztondo Klasika, Legazpiko Santikutz Klasika eta Balentziaga), eta Bidasoko eta Nafarroako itzuliak izango ditu taldeak helburu nagusi, baita estatutik kanpora “23 urtez azpiko itzuliren bat” ere.
Gaztañaga pozik azaldu da Euskadi Fundazioak osatu duen taldearekin. “Pauso bat aurrerago emateko prest gaude, hala nola, Aitor Agirre, Castilla edo Ugarte bezalako gazteekin, eta baita berriekin ere. Ilusiorik handiena egiten didana, beti bezala, gazteak dira; euskal tropeleko onenetarikoak dira, txirrindulari osoak, indartsuak eta ordekan ondo moldatzen direnak, igotzailearen ohiko eredukoak ez bezalakoak, eta ez da ustekabea, Euskaltel-Euskadi aurkitzen ari den beharrei erantzuten dio horrek. Horrexegatik, harrobiko izaera indartuko da”.
2025eko Euskadi Fundazioa taldea
Jarraituko dutenak: Imanol Aceña (2004), Aitor Agirre (2003), Asier Castilla (2002), Xabier Cerro (2004), Aimar Galdos (2004), Luis Garcia (2004), Gabriel Ibañez (2004), Ruben Rodrigues (2004) eta Gari Ugarte (2005).
Berriak: Yago Agirre (2004, REMBE Pro Cycling Team Sauerland), Galder Bengoechea (2003, Telco’m), Samuel Fernandez (2003, Gomur), Jorge Gonzalez (2001, Cortizo), Ibai Irisarri (2005, Eulen), Aimar Marin (2006, Alimco), Kepa Ormazabal (2006, Ampo), Ander Otegi (2006, Ampo), Alain Suarez (2003, Gomur) eta Aimar Tadeo (2004, Finisher).