Hasi dira Goiko auzoko argiteria berritzeko lanak Idiazabalen
Zepai, Bikuña, Galo Zudaire eta Labealde kaleetan eta Mikel Deunaren plazan LED argiteria jarri eta arketak egokituko dituzte.
Udalak Goiko auzoko argiteria guztia berrituko du; orain arteko farolen ordez LED argiak jarriko dira, energia aurrezteko eta argi kutsadura murrizteko helburuarekin. Horrez gain, farola bakoitzak bere arketa izango du, instalakuntza legeak eskatzen dituen estandarretara egokituz.
Pasa den astean hasi ziren lanak Zepai kalean, eta datozen asteetan, Bikuña, Galo Zudaire eta Labealde kaleetan eta Mikel Deunaren plazan ere aldatuko dira kale-argiak.
Nitlux enpresari esleitu zaizkio lanak. 329.880 euroko inbertsioa izango da. Europako DUS 5000 laguntza programaren bidez 274.469 euroko laguntza lortu du udalak inbertsio honetarako. Lanak urtarrilaren erdi alderako bukatzea espero da.