Soinketa gelako bonuan baja emateko epea ireki dute Idiazabalen
Abenduaren 15era arte dago soinketa gelako urte osoko bonuan edo Mugiment txartelean baja emateko epea irekita. Idiazabalgo Udalak hilabete aurreratu du aurten baja emateko epea.
Urtea amaitzearekin batera, soinketa gelako urte osoko bonua eta Mugiment txartela berritzeko edo baja emateko garaia iritsi da Idiazabalen. Aurten Udalak hilabete aurreratu du baja emateko epearen data, kobrantzak dakarren gestioa errazteko. Hortaz, abenduaren 15era arteko epea izango da soinketa gelako urte osoko bonua edota Mugiment txartela bertan behera uztea eskatzeko. Horrela egin ezean, automatikoki berrituko dira bai bata, zein bestea. Baja eskatzeko bi bide daude: udaletxean eskaera-orria beteta, edo online, udalaren webgunetik.
Bestetik, soinketa gelako ekipamenduen zaratak bizilagunei sorrarazten dizkien arazoei irtenbide bat emate aldera, edo ahal den neurrian gutxitze aldera, ordutegi aldaketa bat egitea erabaki du udalak. Hala, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera soinketa gelaren ordutegi berria ondokoa izango da: 8:00etatik, 21:00etara; — gaur egun indarrean dagoena 07:00etatik 22:00ak artekoa da—.
Zarata arazoak konpontzeko lanean dihardu udalak, eta datorren urtean zehar, soinketa gelaren intsonorizazio lanak egiteko proiektua martxan du honezkero. Lan horiek amaitutakoan balorazio bat egingo da, zarata gutxitzeak balekoak diren aztertu eta ondoren eman beharreko pausoak zeintzuk izan behar duten erabakitzeko.