Gerraren ondorioak jasan zituztenak omendu dituzte Ataungo Aia auzoan
Jesus Bujanda Martinez eta Martzelo Lasa Zeberio oroitu, errekonozitu eta omendu dituzte, eta amaiera eman diote aurtengo Memoria zikloari.
Aurtengo Memoria zikloari amaiera eman diote Ataunen, Aia auzoan, 1936ko gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia eginda. 12. aldiz antolatu dute aurten Memoria zikloa Ataungo Udalak, Biboletak Ataungo emakumeen elkarteak, memoria historikoaren taldeak eta Atauniker elkarteak elkarlanean. Biktimen oroimena egitea eta egia ikertzea da egitasmoaren helburua, justizia eta erreparazioa lortzeko.
Jesus Bujanda Martinez eta Martzelo Lasa Zeberio oroitu, errekonozitu eta omendu dituzte. “Badakigu Aian eta Lizarrustin fusilamendu ugari egin zirela, badakigu datatuak 5 fusilatu izan zirela Aia auzoko hilerrira ekarri zituztenak, baina badakigu, badaudelako ahozko testigantzak, Lizarrusti gune berezi bat izan zela, inpunitate osoz fusilamenduak egiteko. Badakigu 5 gorpu jaso zituztela Aiako auzokide batzuek, momentu horretan apaiza zenaren aginduz, eta hilerrira ekarri zituztela, baina izenik gabe. Horien artean, jakin izan dugu bat Jesus Bujanda Martinez dela, eta bestalde, Martzelo Lasa Zeberio. Ez dago Aiako hilerrian baina Lizarrustiko Nafarroako muga zeharkatuta aurkitu zuten duela urte batzuk bere gorpua, ahozko iturri bati esker. Guk, nahiz eta Aiako hilerrian ez egon, gertakizuna jasotzen dugu, eta oroitzen dugu eta errekonozimendua egiten dugu Aian bertan”, azaldu dute antolatzaileek.
Eguerdian izan da ekitaldia. Oroigarria eman diete lasatar eta bujandar familiei. Eate abesbatzak, Poteo taldeak, Ahetz San Sebastian Otsoak dantza taldeko kideak eta udaleko Maider Irastorza zinegotziak parte hartu dute babes eta errekonozimendu ekitaldian.
Gaurkoarekin amaitu da aurtengo zikloa, baina ez da ekimen bakarra izan. Ataungo udal aretoan ikusgai dago Lur Azpian erakusketa, Nafarroako lehenengo exhumazioen ingurukoa. Aurretik, Cesar Layana historialariak hitzaldia egin zuen azaroaren 21ean, eta Aranzadiko kide den Javier Buces historialariak joan den ostegunean. “Gure helburua da egitasmo honekin jarraitzea eta urte osoan oroimen historikoaren alde lan egitea”.