Gazteria politikei heldu, eta horiek indartu behar direla uste du EH Bilduk
Haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuen faltaz aritu da EH Bildu. Azken urteetan eman diren urratsen errepasoa egin dute. Gazteria saila, koordinazio foroa eta Gaztelekua eta ludoteka martxan jartzea proposatu dute.
Beasainen, haur, gazte eta nerabeen zerbitzuetan hainbat hutsune eta erronka daudela plazaratzeko mahai-ingurua egin dute EH Bilduren ekimenez. Solasaldian landu dituzten gaien artean, Gazteleku, ludoteka zein hezkuntza foro baten falta, baita, euskara, kulturartekotasuna zein digitalizazioa bezalako erronkei heltzeko beharra identifikatu ditu EH Bilduk.
Beasain, bere antzeko ezaugarriak dituen beste herri batzuen ondoan, adin tarte horretako herritarrei zuzenduta dauden zerbitzuei dagokienean, «atzean» dago Beasaingo EH Bilduk egin duen hausnarketaren ondorio. «Ludoteka eta Gaztelekua zeuden, baina 2016an erabaki zen bi zerbitzu hauek ixtea. Horrekin lotuta, Gazteria saila zegoen udaletxean, eta hori ere desagertu zen. Hezkuntza foroaren martxak ere behera egin zuen nabarmen», egin dute errepasoa EH Bildutik.
Egoera horretatik abiatuta, EH Bilduren azken urteetako «borroka» izan da, «zerbitzu hauek berrartzea». Gogoratu dutenez, «2021eko aurrekontuetan onartu zen partida bat, diagnosi bat egiteko adin tarte horretako herritarrei zuzendutako zerbitzuen neurketa egiteko. Aztiker enpresak egin zuen. Hezkuntza eragileek, Lorratz, eta talde politikoek parte hartu zuten, besteak beste».
Herriko gazteen ongizateari erantzunak ematen hasteko, ekintza plan bat egin zen orduan, eta hori martxan jartzeko lehen pausoak edo aurre baldintzak zehaztu ziren.
Proposamenak
EH Bilduk, «ikusita Udalak ez diola gaiari heltzen», ikastetxeekin, kale hezitzaileekin eta Altxa Burua mugimenduko ordezkariekin elkartu dira berriro, «egungo beharren kontrastea» egiteko. Hortik atera duten ondorioa da, «gazteen buru osasuna okertzen ari dela; balio komunitarioen falta dagoela; eta kulturartekosunaren erronka kudeatzeko baliabideen falta dagoela, besteak beste».
Horiei aurre egiteko proposamenak gizarteratu zituzten mahai-inguruan. Hala nola, ekintza plana martxan jartzea, hau da gazteria saila berrezartzea eta teknikari bat lanaldi osoz izatea, koordinazio foroa berreskuratzea eta haur, nerabe eta gazteen kontseilua sortu eta aktibatzea; nolako ludoteka eta Gaztelekua behar den definitu zuten; ongizate politiken beharraz mintzatu ziren, adibidez, eskola eta aisiaren arteko arrakala murrizteko politikez; eta eskolarteko harremanak indartzearen garrantzia ere plazaratu zuten, adibidez, eskola kirolean eta udalekuetan.