Zaldibiako Beko Karnizerie harategiak irabazi du Ormaiztegiko 37. Odolki lehiaketa
Ormaiztegiko Murua harategia sailkatu da bigarren, eta hirugarren Beasaingo Olano. Sukaldaritza lehiaketako Juan Jose Lapitz saria Jesus Lerma ormaiztegiarrak lortu du.
Odolkiaren festaren barruan antolatutako egitarauarekin bukatu ziren atzo Ormaiztegiko San Andres jaiak. Hiru lehiaketa jokatu ziren: 37. Odolki Lehiaketa, 26. Odolki Osagaien Lehiaketa eta Plateren 22. Sukaldaritza Lehiaketa.
Odolkietan, Zaldibiako Beko Karnizerie harategiko Pili Sukiak eta Diuvel Alvarezek jantzi zuten txapela. Bigarren, Ormaiztegiko Murua Harategia sailkatu zen eta hirugarren Beasaingo Jose Manuel Olano.
Odolki osagaien lehiaketan, Porru, oregano eta perrexil onenaren saria Juanita Murgiondok irabazi zuen, eta Postu eta tipula onenarena Maria Jesus Oriak, biak Mutiloakoak.
Sukaldaritza lehiaketan, Jesus Lerma ormaiztegiarrak irabazi zuen Juan Jose Lapitz saria.
Txerrikumearen zozketaren irabazlea, berriz, Ramon Abasolo herritarra izan zen.
Atzoko sari banaketan minutu bateko isilunea egin zuten aurten hil den eta Ormaiztegiko Odolkiaren lan-taldeko kide izandako Juan Luis Unanueren oroimenez-
Ardo dastaketan 10 izan zituzten dastatzekoak: lau beltz, lau zuri eta bi cava. Edariarekin batera, odolki eta babarrun pintxoan dastatzeko aukera izan zuten Ormaiztegira joandakoek. Jende asko ibili zen, eta giro onean igaro zen goiza odolki eta babarrun pintxoekin batera.
Euskal jaki eta bertako artisauen azoka ere egin zuten. Denera 20 postu izan ziren, horietatik 6 Ormaiztegikoak.