Hondakinen sorrera murrizteko kanpainak baditu irabazleak
Goierri garaiko lau herrietan gauzatu da azaroan zehar, 'Aste honetan kiloak galdu' lelopean, eta Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan.
Goierri garaiko lau herriek bat egin zuten Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin azaroaren 16tik 27ra bitartean, eta bi ekintzatan banatutako kanpaina bat burutu zuten. Batetik, herritarrak birziklatzen jarraitu behar dutela gogorarazteko, Aste honetan kiloak galdu izeneko ekimena jarri zuten martxan, hondakinak biltzeko ontziak protagonistatzat hartuta, murrizketa eta birziklapena bultzatzeko helburuarekin. Bestetik, elikagaien xahuketa murrizteko ideiak biltzeko helburuz, Elikagaien xahuketa saihestu, eta zapore berriez gozatu zozketa egin zuten, saltokien laguntzarekin, lau udalek eta bertako merkataritzako bulego tekniko eta elkarteek sustatuta.
Zozketa horretan parte hartzeko, elikagai dendetan xahutzea saihesteko ematen zituzten lau aholkuetatik zein erabiltzen zuten adierazi behar zuten bezeroek. Saria, Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso herrietan bana, hilabete batean zehar Amaia Diaz de Monasterioguren dietista eta nutrizionistaren aholkularitza pertsonalizatua eta hilabetea pasa ondoren 4 saio gehiago zen,. Aholkularitza hori, asteko menuak planifikatzen laguntzea, hozkailua antolatzeko aholkuak ematea eta soberakinak aprobetxatzeko errezetak erakustearen ingurukoa da.
Zozketa egin dute, eta sarituak Arantxi Insausti, Nerea Mendizabal, Roberto Altuna eta Puri Carrillo izan dira.