Legazpiko Udalak bat egin du Euskararen Egunarekin
Udaletxea berdez argiztatuko du gaur. Legazpi euskaraz bizitzeko herria izan dadin herritarren konpromisoa eskatu du.
Udaletxea berdez argiztatuta eta euskararen aldeko EUDEL erakundearen adierazpen instituzionala sinatuta, Legazpiko Udalak bat egin du gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Horrez gain, argazki bat kaleratu du, hainbat udal ordezkari “Guk Legazpin euskaraz egiten dugu, eta zuk?” dioen pankarta eusten ari direla.
Gainera, Euskararen Nazioarteko Egun hau baliatu nahi izan du “herritar guztiei gogorarazteko euskarak guztion premia duela eta guztiok elkarrekin egin behar dugula euskararen alde, hizkuntz berdintasunaren alde, eta, funtsean, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde”.
Euskararen eguna “ospatzeko, aldarrikatzeko eta euskararekiko konpromisoa adierazteko eguna izatea” nahi duela ere esan du, “euskararen erabilera normalizaziotik urrun baitago oraindik”. Euskarak “guztion konpromisoa behar du euskarak, baina hori baino gehiago da euskarak behar duena: erabiltzea, ahoz-aho, egunero, une oro eta arlo guztietan. Horretara gonbidatzen zaituztegu, izan dadin Legazpi euskaraz bizitzeko herria”.