Ordizia Hiriko finalerdiak erabakita
Abenduaren 6an, 11:30ean jokatuko dira Emakumezkoen I. Ordizia Hiria txapelketako bi partidak Beti Alai pilotalekuan: Lopez-Irazustabarrena Mazizior-Balerdiren aurka, eta Zubelzu-Galdos Aroa-Alavaren aurka. Dohainik da sarrera.
Emakumezkoen I. Ordizia Hiria larruzko paletako ligaxkako azken jardunaldia jokatu da asteburuan eta finalerdiak erabakita geratu dira. “Ligaxkako azken jardunaldian sartuta, ostiralean tentsio handiko partida eta sentsazioko beste bat izan ziren”, diote Oiangu Pelota Elkartekoek.
Ostiraleko lehen partidan sailkatuak zeuden Irazustabarrena eta Lopezek aurrean Garazi Eizmendi “indartsua” eta Naroa Otxoa “jokalari teknikoa” izan zituzten. “Hasieratik ikusi ahal izan zen sailkapenak eragiten duen presiotik askatuta jokatzeak on egin ziela Garazi eta Naroari. Partida borobila egin zuten eta Irazustabarrena zein Lopez defentsan saiatu ziren arren ezin izan zieten iniziatiba kendu, tanto ilara bat lortu eta partiduan sartzeko”. 35-25 amaitu zen partida, Eizmendi-Otxoaren alde.
Bigarren partidan ordea dena jokoan zuten Aroa eta Iratik, lehen jardunaldian jokorik onena erakutsia zuten Nagore eta Nahiaren aurka. Partida erabakigarria, irabazten zuena sailkatzen baitzen, eta tentsio askorekin hasi zen. “Inork galdu nahi ez eta, pilota luzatzen eta jokaldi gutxi ikusi zen. Honek bi atzelariei lan asko jarri zien eta badakigun arren Nagorek ederki erantzuten duela, ostiralean Irati Gasteiztarrak ere harritzeko sendotasuna erakutsi zuen”. Aroa eta Iratiren pozerako partidaren amaieran izan zen abantailarik handiena eta sailkapena eskuratzea lortu zuten 30-35eko emaitzaz.
Larunbateko lau bikoteetan, inor sailkatu gabe zegoelarik, urduritasunez beteriko partidak jokatu ziren. “Irabazita ere sailkatu gabe gera zitezkeen zalantzarekin eta galduta ere sar zitezkeenarekin, denak beraien bertsio onena ematera atera ziren kantxara”. Kerejeta eta Agirre bikoak “ausardiaz” ekin zion partidari eta Zubelzu eta Galdos beraien jokoa egin ezinda ikusi genituen. “Aurrean egon zen partidaren gakoa partidaren hastapenean, Agirrek puntutxo bat gehiago astintzearekin beraien alde jarri baitzuen markagailua. Partida amaierarako abantaila ederra lortua zuten bi Anek eta horrekin batera baita sailkapena. Baina 28-34ko markagailuarekin, partida itxi behar zenean, Zubelzuren pilotakada onak eta gorrien urduritasunak azaldu ziren. Dena hankaz gora jarri eta 34nako berdinketara eraman zuten partida. Azken tantoan Kerejetaren bi pilotakada indartsuk erakutsi zuten ez zegoela partida galtzeko prest eta tantoa beraien aldera erortzea lortu zuten sufritutako garaipena lortuaz. 35-34 irabazita ere, emaitza estua izanik, bigarren partidaren emaitzaren zain utzi zituen”.
Bigarren partidan, jada kanpoan ziren Olano eta Aizpuru izan genituen irabazi beharrean ziren Ekhine eta Enararen aurka. “Hasiera gorabeheratsua izan zen, batzuen beharrak eta besteen lasaitasunak partidua estu mantendu zuen. Uxueren ezker dohatsu zein indartsuaren nagusitasuna azaltzen hasi zen bertaratutakoen gozagarri, oso luze ibiliz pilota eta ezkerrean ederki sartuz. Enara jokotik atera zuten eta Ekhinek ezkerrarekin lan ona egin arren, bost tantoko abantaila lortu zuten gorriek”. Partida amaierara hurbiltzean, “Enara pixka bat atzerago jarri eta Uxueri iniziatiba kentzen saiatu zen, jokoa aldatu asmoz. Ekhinek berak ere pilota asko astintzen duela erakutsiz, jokoa irauli zuten 13 eta 1eko partziala eginez. Azken tantoetan amaiaren pilotakada luze batzuekin erreakziotxo bat ikusi zen arren, jada berandu izan zen eta 35-29ko emaitzaz garaipena eskuratu zuten urdinek”.
Ondorioz hiru bikoteen arteko berdinketa izan da ligaxka amaieran. Zubelzu-Galdos, Agirre-Kerejeta eta Mazizior-Balerdi. “Pena handiz eta joko maila bikaina erakutsi arren, tanto bakarreko aldeaz Agirre-Kerejeta bikotea gelditu da finalerdietatik kanpo”.
Finalerdiak ostiral honetan, abenduaren 6an jokatuko dira 11:30ean hasita. Bertan Lopez-Irazustabarrena bikoteak Mazizior-Balerdi izango du aurkari eta Zubelzu-Galdos bikoteak berriz, Aroa-Alava bikote gasteiztarra. “Pilotariak asteak aurrera doazen honetan urduritasunak eta lehen partidetako zalantzak uxaturik, partida ederrak eskaintzen hari dira. Ea berdin gertatzen den finalerdietan ere”.